Joan eduki nagusira

Iñaki Sagardoy Leuzak “Violencia, memoria y poder: una etnografía del campo anamnético-político en Navarra” (Indarkeria, memoria eta boterea: Nafarroako eremu anamnetiko-politikoaren etnografia) izeneko doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bertan, “Nafarroaren iragan hurbileko indarkeria politikoari buruzko memoria kolektiboa eraikitzeko prozesuak eta boterearen auziarekin duten lotura” aztertu ditu “politikaren antropologiaren ikuspegi batetik”.

zoom Iñaki Sagardoy Leuza NUPeko campusean.

Iñaki Sagardoy Leuza NUPeko campusean.

Nafarroa ardatz izan duen ikerketan, “alor horretako eragile nagusien, adituen, sustatzaileen eta militante memorialista eta saminduen ekintza eta praktikak aztertzen saiatu da, baita haien barrena mugitzen duten logika nagusiak ere”, azaldu du egileak.

José María Uribe Oyarbide (NUP) eta Álvaro Pazos Garciandía (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) Gizarte Antropologiako irakasleak izan dira doktoretza-tesiaren zuzendariak, eta lanak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Bere lanean, Iñaki Sagardoyk, “lehenik eta behin, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia” aztertu du, “zeina 2015ean jarri baitzen abian, baita hura egonkortzen eta/edo desegonkortzen duten legitimazio- eta deslegitimazio-prozesuak eta arlo horretan garatzen duen aditu-ekintza ere”.

Tesian jorratutako beste alderdietako bat biktimitatearen arloko politikak eta biktimitate horiek sailkatzeko modu desberdinak dira; hala, hiru sailkapen-ardatz aipatzen ditu: aintzatespen instituzionalarekin eta aitortza-ibilbideekin lotutako sailkapen-ardatz bat; biktimaren kontsiderazio moralarekin eta prozesu horietan sortzen diren posizionamendu desberdinekin lotutako beste bat; eta hirugarren bat, bortxatutako bizitzen denborazkotasun subjektiboetan eta “egiaren politiketan” jartzen duena arreta.

Azkenik, memoria egiteko moduak eta sustatzaile memorialistek erabiltzen dituzten teknologia anamnetikoak (narratiboak, erritualak, urbanoak) aztertu ditu, hala nola oroitzapen plakak jartzea, ikus-entzunezkoak ekoiztea, eleberriak idaztea edo oroitzapen ekitaldiak antolatzea.

CV laburra

Iñaki Sagardoy Leuza Lehen Hezkuntzako Irakasletzan graduatu zen NUPen, eta, ondoren, Orientazio Publikoko Antropologia Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Doktoretza-ikerketa egiten ari zen bitartean, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Nevadako Unibertsitateko “William A. Douglass Center for Basque Studies” zentroan (Reno, AEB), Begoña Aretxaga bekari esker.

Bere lan profesionala euskara biziberritzeko proiektuei eta soziolinguistikaren arloko ekimenei egon da lotua, eta batez ere Euskaltzaleen Topagunean jardun du. Gaur egun, NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasle elkartua da.