Joan eduki nagusira

Ostiral honetan, martxoak 31, Lorenzo Silva idazle eta abokatua solasean arituko da jendearekin bere lanari eta “La llama de Focea” bere azken eleberriari buruz. Solasaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen da (NUP), Ada Byron aretoan (Arteak eraikineko sotoa, Arrosadiko campusa), 18:00etan, eta sarrera librea izanen da, toki guztiak bete arte. Unibertsitateko Zientzia Juridikoen Fakultatearen LyDER programaren (Literatura eta Zuzenbidea) hamargarren promozioaren graduazioa dela-eta eginen da topaketa hori.  

LyDER programa irakurketen eta mintegien ziklo bat da, borondatezkoa, eta helburu hauek ditu: ahozko eta idatzizko adierazpena hobetzea, Zuzenbideko Graduak eta arlo juridikoko gainerako titulazioek berezkoak dituzten prestakuntza humanistikoa eta balioetan oinarritutako prestakuntza sustatzea eta eduki juridikoen ikaskuntza osatzea. Zuzenbideko Graduko, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko eta Enpresen Administrazioko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko ikasleei dago zuzendua. 

zoom Biblioteca

NUPeko Liburutegia.

Lorenzo Silvaren CV laburra eta NUPen argitalpena

Lorenzo Silva (Madril, 1966), Zuzenbideko lizentziaduna eta abokatua, literatura garaikideko idazlerik emankorrenetako eta ezagunenetako bat da. Prentsan aritu ohi da kolaboratzaile, eta, besteak beste, poesia, kontakizunak, bidaia-liburuak, gazteentzako literatura, saiakera literario eta historikoak eta benetako krimenei buruzkoak idatzi ditu, baita 30 eleberritik gora ere; azken horiek dira, hain zuzen, ospe handiena eman diotenak, eta, haien artean, historia- eta polizia-eleberriak nabarmentzen dira. 

Zenbait sari eta merezimendu jaso ditu, hala nola Ojo Crítico saria (1998), Nadal saria (2000) eta Planeta saria (2012). Bevilacqua eta Chamorro pertsonaiek osatzen duten sailekoak dira haren eleberririk famatuenak, eta “La llama de Focea” (2022) da azken liburukia. 2022an Noemí Trujillorekin sinatzen duen sailaren bigarren eleberria ere argitaratu da, “La forja de una rebelde”. Halaber, iragarri dute laster (2023ko maiatzean) “Púa" argitaratuko dela, agente sekretu bati eta gerra zikinaren ondorioei buruzko eleberria.

2015ean, NUPeko hamaika irakaslek “El Derecho en la obra de Lorenzo Silva” liburua argitaratu zuten, Thomson Reuters Aranzadik editatua, eta bertan idazlearen eleberriek planteatzen dituzten kontu juridikoak aztertu zituzten.