Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko ikasle talde batek saio praktiko batean parte hartu du berriki, Biologia irakasgaiaren irakaskuntzan errealitate birtuala nola aplika daitekeen ikasteko. Prestakuntza hori duela gutxi inauguratutako NUPeko Errealitate Birtualeko Laborategian egin zen, masterrak eskaintzen duen Biologiako eta Geologiako espezialitateko “Biologiako Osagarriak” irakasgaiaren barrenean.

zoom Amalia Ortiz explicando

Amalia Ortiz irakaslea ikasleei jarraibideak ematen, klaseari ekin aurretik.

Amalia Ortiz Nicolás eta Esther González García graduondoko irakasleek adierazi dutenez (ISC eta IMAB ikerketa-institutuetakoak dira, hurrenez hurren), errealitate birtuala Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat lagungarria izan daiteke abstraktuak izan daitezkeen edukiak irudikatzen edo ulertzen laguntzeko. “Ikasleei aukera ematen die mundu mikroskopikoan murgiltzeko, zelula batean gertatzen diren fenomeno molekularrei begiratzeko, izaki bizidun baten barruan sartzeko, planetako beste lekuren bateko bioma batera lekualdatzeko, duela milioika urte atzera desagertutako espezie batzuekin bizitzeko edo analisi analitiko edo genomiko berritzaileenak egiteko”, esan dute.

Berriki “Biologiako Osagarriak” irakasgaian egindako saioan, etorkizunean Bigarren Hezkuntzako irakasle izanen direnek aukera izan dute errealitate birtualeko zenbait tresnarekin aritzeko, hala nola hauekin: 360 bideoak, adibidez “Cellscape VR Biology Guided Tour” edo “David Attenborough's First life”; eta aplikazioak, esaterako “InCell” eta “Ecosphere”, eta giza anatomiarekin lotutako beste batzuk, hala nola “ShareCare You”, “Organon” eta “Human Anatomy”, zeinek interaktibitate handiagoa baitute.

zoom Estudiantes

Ikasleak NUPeko errealitate birtualeko laborategian.

NUPeko errealitate birtualeko laborategia

Errealitate birtualeko laborategiak azken belaunaldiko teknologiarekin esperimentatzeko aukera ematen die ikasleei, esperimentazioaren, simulazioaren edo gamifikazioaren bidez beren ikas-irakas prozesua, prestakuntza, eta, azkenik, enplegagarritasuna hobea izan dadin.

Espazio irekia eta malgua da; erdian, U forman jarritako mahaiek espazio handi bat eratzen dute, non ikasleek, beren ekipoen bidez material didaktikoarekin interakzioan diharduten bitartean, mugitzeko aukera duten. 30 ikaslerentzako tokia dago laborategian, eta bakoitzak txartel grafikoko ordenagailu postu bat eta errealitate birtualeko betaurrekoak ditu. Gainera, badira taldeko lanean aritzeko aulkiak ere, lanerako gune desberdinak sortzeko aukera ematen dutenak.

Laborategiak bi motatako irakaskuntza-beharrak asetzen ditu. Alde batetik, profil teknikoko ikasleei aukera ematen die laborategiko tresnak erabiliz multimedia-edukia sortzeko, 3D-ko ereduak diseinatzeko edo errealitate birtualeko aplikazio berriak garatzeko. Bestetik, edozein gradutako ikasleek errealitate birtualeko aplikazioak erabil ditzakete ikaskuntzako edukiarekin esperimentatzeko, hala nola kutsu historikoa duen bideojoko batean arituz, zelula baten barruan bidaiatuz edo interbentzio kirurgiko bat simulatuz.

Errealitate birtualeko laborategiaren proiektu hau, Unidigital / UPNA e-reality izenekoa, Europar Batasunak (EB) NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako eta Unibertsitate Ministerioak kudeatutako Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planaren barnean dago.