Joan eduki nagusira

SONAGAR (Sociedad de Garantía Recíproca) eta ARPA Abogados Consultores enpresek hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa Familiarren Katedraren parte izateko NUPekin, ADEFANekin (Nafarroako Enpresa Familiarren Garapenerako Elkartea) eta IEFekin batera (Enpresa Familiarraren Institutua). Enpresa familiarren arazoei irtenbideak emateko balioko duten ikerketak sustatzea da katedraren helburu nagusia.

zoom Ezkerretik eskuinera: José Antonio Arrieta (ARPA), Marisa Sanz (ADEFANeko kudeatzailea), Francisco Esparza (ADEFAN), Ramón Gonzalo errektorea, Juan Francisco Corona (IEF), Lucía Garcés (Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria) eta Pablo Cámara (SONAGAR).

Ezkerretik eskuinera: José Antonio Arrieta (ARPA), Marisa Sanz (ADEFANeko kudeatzailea), Francisco Esparza (ADEFAN), Ramón Gonzalo errektorea, Juan Francisco Corona (IEF), Lucía Garcés (Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria) eta Pablo Cámara (SONAGAR).

Hitzarmena Unibertsitatean izenpetu zen atzo, urtarrilak 31 (asteartea), eta Ramón Gonzalo errektorea, Juan Francisco Corona IEFeko zuzendari akademikoa, Francisco Esparza ADEFANeko lehendakaria, José Antonio Arrieta ARPAko lehendakaria eta Pablo Cámara SONAGAReko zuzendari nagusia izan ziren bertan.

Hitzarmenak ezartzen duenez, erakunde parte-hartzaileen arteko lankidetzaren helburua ezagutza teorikoa eta praktikoa sortzea, eskura jartzea eta enpresa familiarrari lotutako arloetan zabaltzea da, enpresa horiek gure gizartearen garapen eta ongizate ekonomikorako funtsezko tresnak baitira.

Jarduerak

Katedran, aukera dago enpresa familiarraren mundurako interes teorikoa eta praktikoa izan dezaketen txostenak eta ikerketa oinarrizkoak eta orokorrak egiteko (enpresa familiarren egoeraren analisia eta azterketa, hobetzeko proposamenak, enpresa horien sustapenarekin lotutako politika publikoak, jardunbide hoberenak, ekintzailetza eta enpresa familiarra), batez ere Foru Komunitatearen esparruan.

Halaber, akademiko, enpresari, profesional eta ikasleen arteko topaguneak sortu nahi dira, enpresa familiarren inguruko ezagutzak, esperientziak eta interesak trukatu ahal izateko, baita ikasleentzako esperientziazko hitzaldiak antolatu ere, enpresaria izatea benetan zer den eta horrek eta enpresa familiarrak gizartean zer balio duten ikus dezaten. Era berean, katedraren ildoko doktoretza-tesiak eta gradu amaierako lanak egiten dituztenei laguntza emateko asmoa dago, baita ikasleak enpresa familiarretan praktikak egin ditzatela sustatzekoa ere.