Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Tuterako Campusak programa bat jarri du abian zientzia-dibulgazioko tailerrak egin eta bertako instalazioak bisita ditzaten Batxilergoko, Lanbide Heziketako goi mailako heziketa-zikloetako eta DBHko 4. mailako ikasleek, eskaera eginda. Juan Ignacio Latorre Biel Tuterako campusaren arduradun den arloko zuzendariaren “Ezagutu Tuterako Campusa” ekimena hautatua izan da NUPen Kultura Proiektuen deialdian, eta Zientzia Zirkularra dibulgazio proiektuan ere sartuta dago, Europar Batasunak diruz lagundutako G-9 Missions delakoaren barruan. 

zoom CampusTudela

Fisioterapiako ikasleak eskola praktiko bat jasotzen, NUPeko Tuterako Campusean.

Proiektuaren xedea “bisita aktibo bat” egitea da. Bisita horretan ekintza hauek eginen dira: hitzaldi labur bat Tuterako Campuseko eskaintza akademikoari buruz, ibilbide bat bertako instalazioetan, eta, azkenik, tailer bat, 29 tailerreko katalogo batetik aukeratu beharrekoa. “Nabarmentzekoa da NUPeko Tuterako Campuseko irakasleen eta teknikarien arteko lankidetza bikaina; izan ere, haiek proposatuak dira eskaintzen diren tailer guztiak, eta haiek emanen dituzte tailerrak unibertsitatearen instalazioetan”, Juan Ignacio Latorrek dioenez. “Ekimen honen bidez, unibertsitatearen irakaskuntza-jarduera Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetara hurbildu nahi da, ikastetxe horietako ikasleek NUPeko Tuterako Campuseko irakasleak, ekipamendua, instalazioak eta irakaskuntza-metodologiak ezagut ditzaten”, amaitu du.

Tailerrak bost gairen bueltan daude egituratuta, campusean ematen diren irakasgaiekin lotutakoak denak: “osasun zientziak: anatomia, pediatria eta bizitza osasuntsua”; “osasun zientziak: fisioterapia”; “diseinu industriala eta produktuaren diseinua”; “materialen eta fabrikazioaren ingeniaritza”, eta, azkenik, “ingeniaritza kimikoa eta fisikoa”. Jarduera horiek guztiak doakoak dira, eta tailerrak horretarako prestatutako formularioaren bidez kontsultatzen eta erreserbatzen ahal dira. Ikastetxe eskatzaileek eta unibertsitateko irakasleek adostutako egunetan eta ordutegietan emanen dira.

Giza gorputzaren ezagutzatik marrazketaren ikaskuntzara

Eska daitezkeen tailerretan jorratutako gaien artean, honako hauek daude: osasun zientzien atalean, giza gorputzaren eta haren funtzionamenduaren ezagutza, garapen motorra eta gastu energetikoaren neurketa; fisioterapian, fisioterapeutaren eskuak, masoterapia edo korearen tonifikaziorako 5P metodoa; eta diseinu industrialean eta produktuaren diseinuan, besteak beste, diseinu eta fabrikazio jasangarria, ordenagailu bidezko diseinuaren hastapenak eta marrazten ikasteko metodoa.

Materialen eta fabrikazioaren ingeniaritzan buztinezko piezen fabrikazioa lantzeko tailerrak eginen dira, hainbat teknika baliatuz, hala nola errotazio bidezko moldeatzea eta silikonazko moldeak, berunaren bidezko forjaketa eta metrologia. Bestalde, ingeniaritza kimiko eta fisikoaren atalean sartzen diren tailerrak gai hauei buruzkoak dira, beste batzuen artean: uraren kalitatearen analisia, material plastikoen identifikazioa, biogasetik abiatuta erregai sintetikoak lortzea, edota ingurumena babesteko ingeniaritzako profesionalek duten zeregina.