Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), IICC Demokrazia Sustatzeko Clara Campoamor Nazioarteko Institutuak (egoitza Madrilen du) eta ICAP Administrazio Publikoaren Erdialdeko Amerikako Institutuak (egoitza Costa Rican du) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute interes komuneko gaietan. 
 Hitzarmenak baterako lana aurreikusten du arlo hauetan: prestakuntza akademikoa, langileen eguneratzea, trebakuntza, ikerketa, zabalkundea eta laguntza teknikoa. Horretarako, lankidetzako programak eta proiektu espezifikoak eginen dira. 

zoom Convenio centroamerica

Hitzarmenaren sinatzaileak NUPen. Ezkerretik eskuinera: Pablo Manuel Fernández IICCko zuzendaria, Ramón Gonzalo NUPeko errektorea eta Osvaldo de la Guardia ICAPeko zuzendaria.

Zehazki, programa edo proiektu horietan akordio osagarriak egiten ahalko dira, eta, besteak beste, honako alderdi hauek hartzen ahalko dira kontuan: langileen trukea; irakasleen eta ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntza; informazio-trukea; ikerketa-lanak elkarrekin egitea; programak, ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, tailerrak eta abar egitea; argitalpenak egitea; eta elkarri aholkularitza ematea. 

Erakundeen arteko lankidetza hori jasotzen duen testua honako hauek sinatu dute NUPen: Ramón Gonzalo Unibertsitate honetako errektoreak, Pablo Manuel Fernández Alarcon IICCko zuzendariak eta Osvaldo Adriano de la Guardia Boyd ICAPeko zuzendariak. Hitzarmenak lau urteko iraupena izanen du, eta epe berean luzatzen ahalko da.

Hitzarmena sinatu duten erakundeak

Demokrazia Sustatzeko Clara Campoamor Institutua Espainiako erakunde bat da, Atlantikoaren bi aldeetako unibertsitate-erakundeen arteko prestakuntza eta koordinazio akademikoa lantzen dituena, eta aurrerapen demokratikoa, eskualdeen integrazioa eta gizarte-garapena helburu dituena. Institutuko espezializazio arloetako zuzendariak eta kolaboratzaileak adituak dira hezkuntzaren, kulturaren, politikaren eta ikerketaren arloetan.

Administrazio Publikoaren Erdialdeko Amerikako Institutua (ICAP) Erdialdeko Amerikaren Integraziorako Sistemaren (SICA) barneko nazioarteko erakunde bat da, administrazio publikoan espezializatua, eta giza baliabideen garapena eta sektore publikoen modernizazioa sustatzen ditu, Erdialdeko Amerikaren integrazioa bultzatuz. 

Erakunde honek bost arlo lantzen ditu: kudeaketa publikoa, lurraldeen garapena, proiektuen kudeaketa, arriskuen eta klima-aldaketaren kudeaketa eta integrazioaren kudeaketa.