Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hackatoi bat antolatu du urriaren 26rako, asteazkena, Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko XV. Topaketaren barnean. Hackatoi honetan, unibertsitatearen inguruneko erronka edo problema bati erantzuna ematen saiatuko gara, elkarlanean eta ahalik eta denbora laburrenean eta edozein diziplinatik abiatuta, diziplina anitzeko lanaren bidez ahal bada.

Datozen asteetan erabakiko da parte-hartzaileek nolako erronkari eman beharko dioten soluzioa. Horretarako, unibertsitateko ikasleek urriaren 12ra arteko epea dute hiru proposamenetako baten alde bozkatzeko: “UPNA, sweet UPNA”, “Mens sana...” eta “No todo va a ser estudiar”.

zoom Imagen promocional

Hackatoiaren iragarkia.

Proposamen horiek berariaz sortutako lantalde baten ondorioz sortu ziren. Horiek guztiak bizi-kalitatearekin eta konfortarekin daude lotuak. Zehazki, “UPNA, sweet UPNA” erronkak planteatzen du beharrezkoak direla “ikasteko espazio gehiago, tenperatura egonkorra eta atsegina une oro, une horretan behar ez duguna gordetzeko espazioa, % 100eko konektibitatea, gailuak edozein lekutan kargatzeko aukera... Lor dezakegu unibertsitatea erosoagoa izatea, modu jasangarrian betiere? Iruditzen zaizu buelta bat ematen badiogu?”.

Bigarren proposamena, “Mens sana...” deitua, osasun mentalarekin eta gorputza eta adimena zaindu beharrarekin dago lotua: “Nerbioak, kezkak, antsietatea. Guztiok dakigu zer den hori unibertsitateko urteetan. Zure ustez, denbora eman behar al zaio konponbideak bilatzeari?”.

Planteatutako azken erronkak, “No todo va a ser estudiar” izenekoak, harreman sozialekin du zerikusia: “Bizitza unibertsitarioa arlo akademikotik harago joan daiteke (eta joan behar da). “Unibertsitate” hitza unibertsaltasunetik dator, osotasunetik. Eta osotasun hori jolasekin, kultur jarduerekin, kirolarekin edo ikasle elkarteen bidez lor daiteke. Interesgarria iruditzen al zaizu NUPen harreman eta jarduera sozialak sustatzeko ideiak garatzea?”.

zoom Reunión

Hackatoiaren hasierako hiru proposamenak erabakitzeko bilerako une bat.

Hamar talde erlojuaren kontra

Urriaren 12ra arte, unibertsitateak zenbait ekintza informatibo eginen ditu (mezu elektronikoak, kartelak, sare sozialak, etab.), NUPeko ikasleek erronka horien berri izan dezaten eta urriaren 26ko hackatoian horietako zeinetarako konponbidea bilatu nahi duten erabaki dezaten. Jarduera honek Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Plotter, IrriSarriLand, Salting, Paintball Navarra eta Rocópolis izanen ditu laguntzaile.

Hackatoian parte hartu nahi dutenek banaka edo taldean eman dezakete izena, horretarako prestatutako formularioaren bidez. Taldeak 5 lagunekoak izanen dira gehienez, eta 10 talde onartuko dira guztira. Ekitaldiaren antolatzaileek adierazi dutenez, “profil akademiko guztietako gazte unibertsitarioak bilatzen ditugu, sormenezko konponbideak eman nahi dituztenak”.

Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko Topaketan, taldeek zenbait ordu izanen dituzte planteatutako erronkari erantzuna emateko, eta aurkitutako soluzioen aurkezpena eta sari banaketa egun horretan bertan eginen dira.