Joan eduki nagusira

Iñigo de Carlos Artajo NUPeko Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako (EAZ) eta Zuzenbideko egresatua irailean hasi da ikasten Master in Business Administration (MBA) Standfordeko Unibertsitatean (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak). 2020ko QS Global rankingeko datuen arabera, nazioartean onarpen tasa zorrotzena duen negozio programa da master hori: soilik mundu osoko eskaeren % 6,9 onartzen dituzte. Azken edizioetan, 8.000 hautagairen artean 400 ikasle bakarrik hautatu dituzte, eta horietatik 2 eta 4 artean bakarrik izan dira Espainiakoak. 

zoom Iñigo de Carlos

Iñigo de Carlos, Standforden.

Ikasleak azaldu duenez, MBAn sartzeko hautaketa-prozesuak hainbat pauso ditu. Lehenengo, mundu anglosaxoirako estandarizatutako matematikako eta logikako azterketa bat egin behar da (GMAT izena du, General Management Admission Test), eta baita ingeleseko ezagutzen azterketa bat ere. Ondoren, eskaera egin behar da, eta bertan jaso behar dira izangaiaren ibilbide akademikoa, profesionala eta curriculumetik kanpokoa, osorik. “Hautaketa-prozesuan bereziki garrantzitsua da lan arlotik kanpora lidergo jardueretan parte hartu izana, adibidez, GKEetan boluntario lanetan ibili izana, edo ekintzailetzarekin lotutako beste jarduera batzuk egin izana”, adierazi du Iñigo de Carlosek.

“Gero, saiakera eta idazlan sorta bat aurkeztu behar duzu, bertan adieraziz zer proiektu duzun epe luzerako edo zergatik erabaki duzun Standfordera joatea”, zehaztu du NUPeko egresatuak. Jarraian datorren fase batean (gonbidapen bidez bakarrik iristen ahal zara), hautagaiak elkarrizketa bat egin behar du unibertsitateko ikasle ohiekin, eta haiek hautagaiaren lidergorako potentziala baloratuko dute, eta zer inpaktu izanen duen pertsona horrek bere lan arloan. Informazio horrekin guztiarekin, onarpen batzordeak hautaketa egiten du. 

Harremana teknologia arloko multinazionalekin

Standfordeko MBA bi ikasturteko programa da, eta hiru eta sei urte bitarteko lan esperientzia duten ikasleei zuzenduta dago. Haren helburua negozioen administrazioan eta kudeaketan trebatzea da (izan enpresen zuzendaritzan edo arlo berritzaileetan, adibidez, teknologian, ekintzailetzaren bidez). 
Programa Sillicon Valleyn kokatzen da, eta, hortaz, berrikuntzara eta ekintzailetzara zuzenduta dago erabat. Izan ere, Sillicon Valley da teknologiako enpresa multinazional nagusien etxea –bertan daude Facebook, Google edo Tesla, besteak beste–, eta baita munduko arrisku kapitaleko funts garrantzitsuena ere –bertan daude Sequoia eta Andreessen Horowitz–. “Ikasle egresatuen % 20k baino gehiagok beren enpresa sortzen dute (adibidez, master hori ikasitako Espainiakoen artean nabarmentzekoa da Juan de Antonio, Cabify-ren fundatzailea). Gainera, munduko enpresarik arrakastatsuenetako asko, hala nola Google, HP, Nike edo Cisco, Stanfordeko ikasle ohiek sortutakoak dira”, esan du Iñigo de Carlosek.

Iñigo de Carlosen CV laburra

Iñigo de Carlosek EAZko eta Zuzenbideko gradu bikoitza eskuratu zuen, eta Ikasketa Amaierako Sari Berezia lortu zuen. Ikasketak amaitu ondoren, McKinsey & Company aholkularitza-enpresan hasi zen lanean (Madrilen du egoitza), eta bertan aritu da bi urte eta erdiz, lehenengo “business analyst” gisa, eta, ondoren, “associate” moduan. 

Graduko ikasketak egin bitartean, praktika profesionalak egin zituen Nomurako Inbertsio Bankuko dibisioan (Londres), Espainiak Parisen duen Kontsulatu Nagusian eta Santander Bankuan, eta truke programa baten bidez egonaldia egin zuen Lousiana State Universityn (Baton Rouge, Estatu Batuak). Era berean, NUPeko eztabaida-taldean hartu zuen parte, eta haren bidez, unibertsitatearen ordezkari izana da estatuko eta nazioarteko hainbat lehiaketatan, adibidez, Lurmutur Hiriko World University Debating Competition lehiaketan (Hegoafrika).