Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2022ko ikerketa-taldeen katalogoa onetsi du. Gaur egun, 107 ikerketa-talde eta 1.270 ikertzaile ditu NUPek, eta katalogoan jasotzen da, hain zuzen, zein ikertzaile ari diren ikerketa-taldeetan, oinarrizko zein ikerketa-ildo dituzten eta nola jarri haiekin harremanetan. Oinarrizko unitate horietan antolatuta dago Unibertsitateko ikerketa, eta lau arlo handi hauetan banatuta: Ingeniaritza eta Teknologia (27 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (35 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (23 talde).

zoom Ikertzaile bat, Petri plaka batzuei begira, laborategian.

Ikertzaile bat, Petri plaka batzuei begira, laborategian.

Ikerketa-taldeetan, lan-ildo bertsuak dituzten ikertzaileak elkartzen dira, talde-arduradun bat izaten dute, eta ikerketari laguntzeko deialdi publikoetara eta pribatuetara aurkezten dituzte proiektuak. Talde horien kalitatea, ibilbidea, bikaintasuna eta profila erabakigarriak dira finantzabidea lortzeko.

Ikerketa-taldeen kopuruak gora egin du denboran zehar: 1999an 74 talde zeuden, 2002an 88, 2005ean 98, 2010ean 105 eta 2012an 111 (ikerketa-talde gehien izan dituen urtea). Era berean, ikertzaileak ere ugaritu egin dira azken hamarkadan: 2006an 827 ziren; gaur egun, berriz, 1.270. 2016an, tesia egiten ari ziren doktoretzako ikasleak sartu zituen ofizioz Ikerketa Batzordeak.

Hona hemen 2022an sortutako lau talde berriak: Jariakinen Mekanika; Animalia Ekoizpena, Nutrizioa eta Elikagaien Zientzia; Portaeraren Ekonomia eta Garapena, eta Aljebra. Aplikazioak.

Urteko katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero eguneratzen du ikerketa-taldeen katalogoa oinarrien bidez. Katalogoa onetsi ondoren, jendaurrean jartzen da, Unibertsitatearen ikertzeko ahalmena ezagutzera emateko.

Ikerketa-taldeen produktibitatea, barnekoa zein kanpokoa, ebaluatu eta baloratu egiten da etengabe, eta horren emaitzen mende egoten da barne-finantzaketa.