Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Rural Kutxak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate hedapeneko zenbait programa garatzeko. Zehazki, ikasleen mugikortasun bekak eta ekintzailetzarekin lotutako jarduerak finantzatzea aurreikusten da, baita mugikortasun jasangarriarekin lotutako zenbait ekintza ere. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Ignacio Terés Nafarroako Rural Kutxako lehendakariak sinatu dute hitzarmena.

Partidarik handiena ikasleen nazioarteko mugikortasun beketarako erabiliko da. 2021-2022 ikasturtean, 39 herrialdetan izan diren 417 ikaslek jaso dituzte Nafarroako Rural Kutxaren laguntzak, gehienek Erasmus+ programaren bidez (338 ikaslek) eta gainerakoek beste programa batzuen bidez, hala nola Palafox, Martín de Rada, aldebiko hitzarmenak, ISEP eta Prestakuntza Solidarioa).

zoom ConvenioCajaRural

Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera: NUPeko errektore Ramón Gonzalo eta Ignacio Terés Nafarroako Rural Kutxaren presidentea.

Ekintzailetza eta mugikortasun jasangarriko ekintzen sustapena

Gorago adierazi bezala, hitzarmenari esker jarduera bereziak finantzatuko dira unibertsitateko komunitate osoan ekintzailetza bultzatzeko eta sustatzeko. Esate baterako, laguntzak emanen dira NUPeko “spin off” enpresa gisa aitortutako oinarri teknologikoko enpresak sortzeko, ekintzailetza-proiektuekin zerikusia duten ikasketen amaierako lanak sarituko dira, eta ekintzailetzari buruzko ikerketak eta zabalkunde-jarduerak bultzatuko dira. Horretaz gainera, Unibertsitateko Aditua Berrikuntzan eta Ekintzailetzan izeneko titulu berekia elkarrekin finantzatzen segituko dute, NUP Fundazioaren bidez irakasten den titulua alegia. 

Azkenik, mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintzak ere eginen dira. Zehazki, unibertsitateko kirol-instalazioetan bizikletak aparkatzeko leku bat eraikiko da, eta zenbait jarduera eginen dira unibertsitateko komunitateko kideei bizikleta elektrikoa erabili beharraz kontzientzia harrarazteko eta garraiobide hori bultzatzeko.