Joan eduki nagusira

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa Unibertsitateen Kontseiluaren akreditazio instituzionala lortu duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) lehen bi ikastegiak dira. Unibertsitateen Kontseilua Estatuan irakaskuntza koordinatzeko ardura duen ministerio-organoa da. Akreditazio instituzional horrek egiaztatzen du Kalitatearen Barne Bermerako Sistema bat ezarri dela (KBBS), ikasleei eskaintzen zaien prestakuntza etengabe hobetzera bideratua, eta, gainera, berekin dakar ikastegi horiei atxikitako graduko eta masterreko titulu guztien akreditazioa sei urterako berritzea, banakako kanpoko kontrolik egin beharrik gabe. “Lorpen garrantzitsu hori pertsona askoren ahaleginaren eta inplikazioaren emaitza izan da, eta aintzatetsi egiten du ikastegi horiek kudeaketaren kalitatearekin eta ematen dituzten tituluen bikaintasunarekin duten konpromisoa”, adierazi du Inmaculada Farran Blanch NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak.

Akreditazio hori lortzeko, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) egindako ikuskaritza gainditu behar da. Prozesu hori AUDIT programaren bidez garatzen da, bi fasetan. Lehenik eta behin, KBBSak unibertsitatea kudeatzeko sistema gisa duen diseinua aztertzen da; NUPek 2020ko abenduan lortu zuen diseinu horren egiaztapena bere eskola eta fakultate guztientzat. Ondoren, egiaztatzen da KBBSaren ezarpena unibertsitateko ikastegietako bakoitzean. Aipatutako bi ikastegiek lortu duten akreditazio instituzionala gorabehera, NUPek AUDIT programa bere ikastegi guztietara zabaltzeko helburu estrategikoarekin jarraitzen du, eta ANECA dagozkion ikuskaritzak egiten ari da orain KBBSaren ezarpena beste hiru ikastegitan egiaztatzeko. “Egun, lanean ari gara Osasun Zientzien Fakultatearen, Zientzia Juridikoen Fakultatearen eta Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen AUDIT egiaztapena lortzeko, eta asmoa da 2023an amaitzea Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoaren egiaztapenarekin; hala NUPeko ikastegi guztiek izanen lukete egiaztapena”, azaldu du Inmaculada Farranek.

zoom https://www2.unavarra.es/gesadj/seccionActualidad/Fotos-Notas-Prensa/2022/04/07/estudiantes-grande.jpg

Ikasle batzuk NUPen.

ANECA eta AUDIT programa

ANECA Unibertsitateen Ministerioari atxikitako erakunde autonomoa da. Unibertsitateko sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea du xede, ikasketen, irakasleen eta erakundeen ebaluazioaren, egiaztapenaren eta akreditazioaren bitartez. Hala, Europako Unibertsitate Eremua sendotzen eta gizarteari behar den erantzuna ematen laguntzen du. 

AUDIT programa, bestalde, 2007an ezarri zen, eta bat dator Europako Unibertsitate Eremuko kalitatea ziurtatzeko irizpide eta jarraibideekin. Unibertsitateetako ikastegietan kalitatearen barne-bermerako sistemak garatzera eta ezartzera dago bideratua, bai eta haietako prozesuak etengabe hobetzera ere.