Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Antzerki Taldeak apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean aurkeztuko du Iruñean “Arrabaladas” antzezlana, Iturramako Civivoxen. Denboraldi honetarako prestatu dituen hiru lanetako bat da hori, eta lehenbiziko aldiz ostegunean ikusten ahalko da, apirilak 7, 18:30ean, EHUren Donostiako campusean, P. Barriola ekitaldi aretoan. “Arrabaladas”, bere sortzaileen esanetan, “Fernando Arrabalen eszenen dastaketa bat da, eta ongi erakusten du haren antzerki kritiko, absurdo eta probokatzailea, inor epel utziko ez duena”.

Antzezlan honek egile polifazetikoaren “umore berezia eta hain berea duen ikuspegi mingotsa ezagutzera” gonbidatzen du ikuslea. Arrabal, 1932an Melillan jaioa, antzerkigilea, poeta, saiakeragilea eta sortzaile plastikoa izan zen, eta Antzerkiko Sari Nazionala jaso zuen 2001ean. Aita teniente errepublikanoa izan zen, eta 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Espainiako Gerra Zibilean. “Egoera horren eraginez —dio sinopsiak—, Fernando Arrabalen obraren helburua ikusleek zenbait gai zalantzan jartzea da, hala nola gerra, politika, erlijioa, familia- eta ezkontza-eredu tradizionalak, sexua eta sexualitatea, matxismoa, askatasuna... Horretarako, umore absurdo, garratz, gordin eta probokatzailea erabiltzen du, eta aldez aurretik ezarritakoa gainditzeko asmo horrek Espainiako egile nazionalik errespetatuena izatera eraman du, baita nazioartean ospe handiena duena ere”.

Óscar Orzaiz Resano NUPeko Antzerki Taldeko zuzendariak gidatzen du “Arrabaladas” antzezlana. Antzezleak honako hauek dira: Unai Pérez González, Adriana Ferreira Batista, Cecilia Unzué Iribarren, Irati Rogel Bello, Laura Giménez Casado, Rachid El Kassmi Rabah, Miguel Matías Aguilera, Irati Azcarate Iribarren eta Nahia Hualde del Moral. Koreografien egilea Javier Urtasun Larrat da, eta Fran Marcén Goñi eta Koldo León Casamayor arduratzen dira argiez eta soinuaz.

Donostian eta Iruñean emanen dituenez gain, NUPeko Antzerki Taldeak beste zenbait emanaldi ditu programatuak Leonen, Zaragozan, Burgosen, Vigon, Ourensen eta Nafarroako Orkoien herrian.

zoom Actores y actrices

Actrices y actores en uno de los ensayos de “Arrabaladas”.

NUPeko Antzerki Taldea

NUPeko Antzerki Taldea unibertsitateko ikaslez dago osatua, eta helburu hauek ditu, besteak beste: antzerki-kultura ona eskaintzea eta sormen artistikoa garatzeko teknika egokiak ematea, adin guztietako aktore eta publikoak trebatzea, unibertsitateko bizitza kulturala dinamizatzea eta egindako lana NUPen kultura aktiboa erakusteko bide gisa irudikatzea.

NUPeko Antzerki Taldeak honako hauek izan dira: “Algún amor que no mate”, Dulce Chacónena (2018-2019), “Summer evening”, Javier Vicedo Alósena (2019-2020) eta “Tejas verdes”, Fermín Cabalena (2020-2021).