Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 30 bat ikaslek hartu dute parte ordezkaritza-organoetan dabiltzan Unibertsitateko ikasleentzat berriki egin diren prestakuntza-jardunaldi batzuetan. Prestakuntzaren helburu nagusia ordezkari izateko gaitasunak hobetzea eta Unibertsitatearen gobernu organoetan parte hartzea sustatzea zen. 

NUPeko Ikasleen Kontseiluak antolatu zituen jardunaldiak, eta fakultate eta eskola guztietako ikasleak elkartu ziren Getadarreko aterpetxean. Bi egunez, ikasleek oratoriari eta negoziazioari buruzko prestakuntza jaso zuten, sakonago ezagutu zituzten Unibertsitatearen organoak eta funtzionamendua, eta politika unibertsitarioko gaiez eztabaidatu zuten. 

zoom EstudiantesGuetadar

Ikasle batzuk, Getadarrera abiatu aurretik, NUPen.

Ikasleen ordezkaritza-lana NUPen

Ordezkariek oso lan garrantzizkoa egiten dute Unibertsitatearen barrenean, ikasleek haien bidez hartzen baitute parte sailetako eta ikastegietako eguneroko bizitza akademikoan. Horretaz gain, laguntza ematen dute ikasleek irakasleekin zein Unibertsitateko beste organo batzuekin dituzten harremanak hobeak izan daitezen.

Beren lana talde bakoitzeko ikasleak irakasleen, sailen eta ikastegien aurrean ordezkatzea da. Horretarako, proposamenak, eskaerak eta kexak aurkezten dituzte, halakorik badago. Gainera, horretarako arrazoiak daudenean, ikasleek Unibertsitateko gobernu organoetan dauzkaten ordezkariei jakinarazten dizkiete kexak. Horretaz gain, ikasleen eta NUPeko organoen arteko harremana egokia izateko beharrezkoak diren komunikazioak jakinarazteko ardura dute. Asmo horrekin, ikaskideei informazio bileretarako deialdiak egiten dizkiete.

Egitekoen artean, beste hauek ere badaude: Unibertsitatearen helburuen garapena eta kalitatea lortzen laguntzea, beren karguari dagozkion egitekoak betetzen laguntzeko egiten diren bileretara joatea, eta ordezkaritza-lana egoki betetzeko beharrezkoak diren gainerako lan guztiak egitea. Ordezkariak sufragio libre, pertsonal, berdin eta isilpekoaren bidez aukeratzen dira, eta ikasle bakoitzak ikasmaila bakarrean eman dezake botoa; matrikulatutako irakasgai gehien daukan horretan, hain zuzen.