Joan eduki nagusira

Joseba de la Torre eta Mar Rubio-Varas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedradunek Marcial Pons argitaletxearen “Economía en Transición. Del tardofranquismo a la democracia” lan kolektiboaren argitalpenean hartu dute parte. Liburukiak sei unibertsitatetako taldeek Espainiako historia ekonomikoari buruz egindako ikerketaren emaitzak biltzen ditu. Zehazki, diktadura frankistaren amaieratik demokrazia sendotu arteko epea ikertu dute, hots, 1962tik 1992ra artekoa. Bi argitaratzaileak NUPeko Institute for Advanced Research in Business and Economics (INARBE) institutuko kide dira; gainera, Mar Rubio-Varas institutu horretako zuzendaria da.

Liburuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako solasaldi batean du jatorria, eta, argitaratzaileek adierazi dutenez, “Espainiako Trantsizio ekonomikoa historialari ekonomikoen ikerketaren metodo eta eskakizunekin aztertzeko lehen saiakera da”. Beren hitzetan, “prozesu horren izaeraren aldeko edo kontrako eztabaida alde batera utzita, egia da orain arte ekonomia- eta enpresa-historiografiak ia ez duela sakondu gure iragan hurbileko funtsezko etapa horretan”. “Gaur arte, Trantsizioko ekonomiari buruzko azalpen kanonikoa prozesu hartako protagonista izan ziren ekonomialari batzuek sortu eta zabaldu zutena izan da. Funtsean, azpimarratzen zuten une politikoaren garrantziaren ondorioz atzeratu egin zirela krisi ekonomiko larriari erantzuteko hartu beharreko erabakiak, eta, era berean, merkatu-ekonomia itotzen zuen frankismotik jasotako erakunde-esparrua desegitekoak. Lau hamarkada geroago, liburuki honetan beste interpretazio bat egiten da”, adierazi dute Mar Rubio-Varasek eta Joseba de la Torrek. 

“Epe luzeko azterlan honek agerian uzten du trantsizio ekonomikoa batez ere trantsizio politikoa amaitu ondoren gertatu zela. Europako integrazioak eta askatasun ekonomikoak oparotasunezko ziklo luze bat ekarri zuten, bere argi-itzalekin” amaitu dute.

zoom Editores

Mar Rubio-Varas eta Joseba de la Torre, NUPen.

Liburuaren edukiak xehe-xehe

Liburuan, lehen aipatutako trantsizioko ekonomia horren alderdi nagusiak aztertzen dira. Hala, epe luzeko balantzea egiten da aldaketa ekonomiko eta sozialari buruz, baita haren indargune eta ahuleziei buruz ere (De la Torre eta Rubio-Varas). Era berean, aztertzen dira diktadura desegiteko prozesuaren izaera eta protagonistak (De la Torre) eta lan-merkatuari, fiskalitateari eta finantza-sistemari buruzko egiturazko erreformak (Gloria Sanz-Lafuente, NUPekoa; Sara Torregrosa, Lundeko Unibertsitatekoa; eta María Ángeles Pons eta Joaquim Cuevas, Valentziako Unibertsitatekoak). Bestalde, krisi energetikoaren eragin globala aztertzen da (Rubio-Varas eta Beatriz Muñoz Delgado, Madrilgo Unibertsitate Autonomokoa), baita enpresaburuek egoera zalantzagarriari eta Europako integrazioaren eta globalizazioaren erronkei emandako erantzunak ere (Jesús María Valdaliso, Euskal Herriko Unibertsitatekoa, eta Nuria Puig, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa).