Joan eduki nagusira

Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Teknologia Elektronikoko katedradunak, Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fisiologiako katedradunarekin batera, “Los males de la ciencia” dibulgazio liburua argitaratu du, Next Door Publishers argitaletxeak editatua. Liburua gaur jarriko dute salgai, martxoak 23 (asteazkena).

Liburuan, zientzian eragina duten zenbait “gaitz” aztertzen dituzte egileek, hala nola jasotzen duen finantziazio eskasa, horretan aritzea erabakitzen dutenen karrera profesional ez oso egonkorrak edo arlo horretan gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunak. Era berean, bestelako gaiak ere jorratzen dituzte, esaterako iruzur zientifikoa, argitaratzeko omen dauden presioak edo, azaltzen dutenez, argitalpen zientifikoen sistemaren bidegabekeria. Horiek guztiak “ikerketaren eta garapenaren sektorean diharduten pertsonek modu indibidualagoan edo sistemikoagoan pairatzen dituzten arazoak” dira, haien esanetan.

zoom LibroJoaquínSevilla

Ezkerretik eskuinera: Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko katedraduna, Oihan Iturbide Next Door argitaletxearen arduraduna eta Joaquín Sevilla NUPeko katedraduna.

Liburuak sarrera gisako bi kapitulu eskaintzen ditu zientzia zertan datzan eta zer balio erakusten dituen deskribatzeko, eta, ondoren, eremu horretako zenbait problema aztertzen ditu, desparekotasunekoak, antolamendukoak, banakakoak edota etikoak. Beste kapitulu bat zientziaren, politikaren eta komunikazioaren arteko erlazioei buruzkoa da, “bereziki ekaiztsuak izan baitira pandemiaren garaian”, egileek azpimarratzen duten bezala. Liburuaren amaieran, aditzera ematen da gaitz horiek badutela erremedioa, edo izan dezaketela, neurri egokiak hartuz gero. 

Joaquín Sevillaren CV laburra

Joaquín Sevilla Fisika Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1986), eta Fisika Aplikatuko doktoretza egin zuen unibertsitate horretan bertan (1991). 1994az geroztik NUPeko irakaslea da, baita Jakintza Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedraren arduraduna ere erakunde horretan bertan. 

Azken hamarkadan oso aktiboa izan da dibulgazio eta kultura zientifikoaren arloan, eta kolaborazioak egin ohi ditu Naukas plataformarekin, irratiekin eta beste komunikabide batzuekin.