Joan eduki nagusira

Joan den 2020-2021 ikasturtean NUPen egin ziren 1.938 ikasketa-amaierako lanetatik, % 30 (577) entitateekin lankidetzan egin ziren. Gehienak, 358 (% 62), entitate pribatuekin lankidetzan egin ziren, eta entitateen % 93 (537) Nafarroan zeuden kokatuak. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak bildu ditu datuak, eta gradu nahiz master amaierako lanak hartzen dituzte barne.
Ikasketa amaierako lana unibertsitateko graduko titulazioa edo unibertsitateko masterreko titulazioa eskuratzeko eskatzen den proiektu edo lan bat da (gradu amaierako lana edo GALa eta master amaierako lana edo MALa, hurrenez hurren).

zoom Arrosadiko campusa

Arrosadiko campusa. Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Ikasle bakoitzak lan original bat egin behar du, banaka eta zuzendari baten gidaritzapean, titulazioan zehar eskuratutako ezagutzak eta gaitasunak bilduko dituena. Zenbait kasutan, ikerketa-talde batekin lankidetzan egiten ahal da, edo erakunde batean edo Espainiako edo atzerriko enpresa batean, edo haiekin lankidetzan.

Joan den ikasturtean, eskolen eta fakultateen arabera, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea izan zen ikasketa amaierako lanen bolumenik handiena erregistratu zuena, 548 hain zuzen (guztizkoaren % 28); ondoren, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoa (IITIGMET), 488 lanekin (% 25); Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 325ekin (% 17); Zientzia Juridikoen Fakultatea, 227rekin (% 12); Osasun Zientzien Fakultatea, 202rekin (% 10); eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoa (NIBGMET), 148rekin (% 8).

Eskola edo fakultate bakoitzak entitateekin lankidetzan egindako lan kopuruari dagokionez, IITIGMET dago lehen posizioan, bere 488 lanetatik % 52 (252) hala egin baitziren. Haren atzetik daude NIBGMET, bere lanen % 41 egin baitzen horrela (60 lan); Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, lanen % 39rekin (216 lan); eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, lanen % 14rekin (47 lan). Zientzia Juridikoen Fakultatearen eta Osasun Zientzien Fakultatearen kasuan, % 1 da entitateekin lankidetzan egindako lanen ehunekoa.

Entitateen kokapenari begiratzen badiogu, % 93 (537) Nafarroan daude, % 4 (21) beste autonomia-erkidego batean, eta % 1 (6) beste herrialde batean. Entitate motari erreparatuta, % 62 pribatuak izan ziren eta % 36 publikoak. Esan beharra dago egindako lanen %2an ez dagoela erregistratua lana egin zen entitatearen kokapena, ez eta zer entitate mota zen ere.

Garapen Jasangarrirako Helburuak

Erregistratzen diren datuen artean, ikasketa amaierako lanen egileek aipatu behar dute Nazio Batuen garapen jasangarrirako 17 helburuetatik (GJH) zeinekin dauden loturik beren proiektuak. Hala, NIBGMETeko ikasketa amaierako lan gehienak 12. GJHarekin (kontsumo eta ekoizpen modalitate jasangarriak bermatzea) eta 2.arekin daude loturik (gosea desagerraraztea, elikadura ziurtatzea eta nutrizioa hobetzea, eta nekazaritza jasangarria sustatzea). IITIGMETen kasuan, berriz, 9.arekin (azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, eta berrikuntza sustatzea) eta 7.arekin (gizaki guztiek energia merke, seguru, jasangarri eta modernoa eskuragarri izateko aukera ziurtatzea).

Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasketa amaierako lanek batez ere 8. GJHarekin dute lotura (hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, baita enplegu oso eta produktiboa eta denentzako lan duina ere); Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoek, 4.arekin (hezkuntza inklusiboa, berdintasunekoa eta kalitatekoa ziurtatzea, eta ikasteko aukerak sustatzea gizaki guztientzat bizitza guztian zehar); Zientzia Juridikoen Fakultatekoek, 16.arekin (gizarte justu, baketsu eta inklusiboak bultzatzea); eta, azkenik, Osasun Zientzien Fakultatekoek, 3. GJHarekin (bizimodu osasuntsua bermatzea eta denentzako ongizatea bultzatzea adin guztietan).