Joan eduki nagusira

Teodoro Hernández de Frutos Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologiako katedradunak liburu hau editatu du: Las complejas relaciones de trabajo en España. Actores, organizaciones e instituciones en una inestabilidad funcional. Liburua Ikerketa Soziologikoen Zentroarena da (CIS), Espainiako Gobernuaren mendeko organoa. Liburua aipatu organismoaren Academia bildumakoa da.

Lanak Espainiako lan merkatuaren ikuspegi berezi bat aurkezten du negoziazio kolektiboaren, lan erreformen edo ekonomiaren mundu-merkatuen eraginaren ikuspegitik (zegokion garaian lanaren nazioarteko banaketa esaten zitzaiona, gero globalizazioa eta, egun, balio globalaren kateak). Halaber, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek lan harremanetan dituzten erabilera eta ondorioak aztertzen dira, bai eta sindikatuen eta enpresaburuen zeregina ere. Era berean, honako hauek aztertzen dira: etengabeko prestakuntzaren eta ezagutzen eguneratzearen garrantzia, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka eta, azkenik, Espainiako lan merkatuan sartu nahi duten etorkinen egoera. 

zoom Teodoro

Teodoro Hernández de Frutos liburu honen editorea da: Las complejas relaciones de trabajo en España. Actores, organizaciones e instituciones en una inestabilidad funcional.

Teodoro Hernández de Frutosez gainera honako hauek dira egileak: Esther Casares García (NUP); José Antonio Díaz Martínez eta Óscar Iglesias Fernández, biak Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalekoak (UHUN); Miguel Ángel García Calavia (Valentziako Unibertsitatea) eta Mike Rigby (London South Bank University); Rosa Nonell eta Iván Medina (Bartzelonako Unibertsitatea eta Valentziako Unibertsitatea, hurrenez hurren); eta Joan Antoni Alujas Ruiz (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Rosa María Rodríguez Rodríguez (UHUN).

Lan erreformak, uberizazioa eta itun soziala

Zehazki, lehenengo kapituluak analisi orokor teorikoa egiten du lan harremanei buruz, eta, modu espezifikoagoan, itun sozialari buruz, soziologiak, ekonomiak, zientzia politikoak edo zuzenbideak eskaintzen dituzten ikuspuntuetatik. Bigarren kapituluan, 1980tik 2019ra bitarteko lan harremanak aztertzen dira, eta arreta eskaintzen zaie langabeziari, behin-behinekotasunari eta krisiei aterabidea ematen ahalegindu ziren lan erreformei. 

Hirugarren kapitulua globalizazioa abiapuntu duen giza baliabideen transformazioari buruzkoa da, bai eta “balio globaleko kateei” buruzkoa ere, zeinak “langileak telelangile bihurtzen” ari baitira, liburuan aipatzen denez. Lanaren etorkizuna da laugarren kapituluaren xedea, eta bertan transformazio teknologikoaren eragina (robotika, gauzen interneta, adimen artifiziala edo big data) edo “uberizazioa” dira aztergai. Gero, liburuak aztergai ditu Espainiako lan instituzio garrantzitsuen dinamika eta eraginkortasuna mende hasieratik, enpresa erakundeen eta sindikatuen artean bitartekaritza lana egiten duten dispositibo arautzailetzat harturik instituzio horiek. 

Liburuak, jarraian, Espainiako enpresa antolakundeak eta beren zeregina aztertzen ditu, eta, zehazki, CEOErena (Enpresa Antolakundeen Espainiako Konfederazioa). Ondoren, zazpigarren kapituluak nabarmentzen du Europak ezagutzaren gizarte baterantz egin duen bilakaera, prestakuntza jarraitua eta etengabeko eguneratzea giltzarri diren testuinguru batean, lanpostuak duela zenbait urte zuen izaera estatikoaren aurrean. Liburuak beste atal bat eskaintzen die lanpostuen trebetasun eta gaitasunei eta horien eta lanpostuen eskakizunen arteko desorekari. Amaitzeko, honako hauek ditu aztergai liburuak: XXI. mendeko lehen hamarkadatik aurrera Espainiara iristen hasi ziren migrazio fluxuak eta langile migratzaileen egoera gaur egun testuinguru hori kontuan hartuta.