Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 9 proposamen hautatu ditu 2022ko Kultura Proiektuen deialdian. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du deialdia, eta sariketaren ebazpena joan den urtearen bukaeran eman zen ezagutzera. Deialdiaren helburua Unibertsitateko komunitateko kideen ekintzak saritzea da (ikasle, irakasle, ikertzaile eta AZLenak), ikasturte honetan erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartera hurbiltzera bideratutako ekimenak hain zuzen.

zoom Aukeratutako proiektuen protagonistak NUPeko liburutegian

Aukeratutako proiektuen protagonistak NUPeko liburutegian. Ezkerretik eskuinera: Rubén Lapuente eta Massil Allache (ikasleak), Isabel Jiménez eta Alfredo Ayesa (liburutegiko langileak), eta Juan Ignacio Latorre, José F. Alenza, Lorena Alemán, Ana Aliende, Julián José Garrido eta Carlos Ruiz Zamarreño (irakasle eta ikertzaileak)

Hona hemen zer proiektu saritu diren eta nork aurkeztu dituen: “Gauzen elektronika” (Carlos Ruiz Zamarreño), “Mikrokontakizun Juridikoen VII. Kafka Saria 2022” (Lorena Alemán Aróstegui), “Natura liburu ireki bat da” (Amalia Menéndez Fano), “Hiriko generoko musika eta kontzertuak” (Rubén Lapuente Núñez), “Literatura topaketak” (José F. Alenza García), “Ikusketa eta konexio gertagaitzak: Izarrei begira Helènerekin” (Julián José Garrido Segovia), “Ni(k), sekula ez” (Massil Allache de Esteban) eta “Kultura Erriberan NUPekin” eta “Ezagutu NUPen Tuterako campusa”, biak Juan Ignacio Latorre Bielenak.

Proiektuak aukeratzearren, kontuan hartu da zenbateko gaitasuna duten zenbait balio sustatzeko, hala nola sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, dibertsitatea, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, jasangarritasuna eta, oro har, ingurunearekiko ardura bultzatzeko ahalmena. Proiektuek zer eduki dituzten eta noiz eginen diren jakin nahi izanez gero, sartu Unibertsitatearen webgunean edo jarri harremanetan Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin (948 16 84 78 telefonora deituz edo actividades.culturales@unavarra.es helbide elektronikora idatziz).

Hitzaldiak, erakusketak, zientzia, musika eta antzerkia

Saritutako proiektuetako zenbait aurreko urteetan ere egin dira, esaterako literatura topaketak eta Kafka Sari Literarioa, zeinak bosgarren edizioa baitu aurtengoa; beste zenbait, aldiz, berriak dira.

Hala, “Kultura Erriberan NUPekin” proiektuaren bidez, jarduera kulturalak antolatuko dira zenbait ekitalditara egokituak (barazkia goraipatzeko jardunaldiak, hiru kulturen jardunaldia, Opera Prima jaialdia edo Corellako jardunaldi barrokoak), NUPek Erriberako bizitza sozial eta kulturalean parte har dezala sustatzeko. Horrez gain, “Ezagutu NUPen Tuterako campusa” proiektuan, instalazio horiek eta bere jarduna ezagutzera eman nahi dizkie unibertsitateak adin desberdinetako ikasleei, bereziki Batxilergokoei eta goi mailako lanbide heziketakoei.

Bestalde, “Gauzen elektronika” proiektuarekin lotutako jarduerek hitzaldiak, lehiaketak, bideoak, erakusketak eta ekitaldietarako bisitak hartzen dituzte barne, eta teknologia elektroniko horren ezagutza gizartera hurbiltzea dute helburu. Horrela, adin guztietako pertsonei aukera ematen zaie elektronikan parte hartzeko eta hartaz gozatzeko, baita aldi berean hura beren eguneroko bizitzan edo lanean barneratzeko edo etorkizuneko lanbide gisara aukeratzeko ere.

Bestetik, “Natura liburu ireki bat da” izeneko proiektua liburutegiak eta Javier Peralta eta Juan Blanco irakasleek batera aurkeztutako proposamen bat da, eta udaberrian eginen da seguruenik. Landareei buruzko literatur liburuen, dibulgazio lanen eta irakaskuntzako liburuen erakusketa bat da, Arrosadiko campusa ezagutzeko bisita gidatu batekin eta hitzaldi batekin osatuko dena.

Ikasleen proposamenei dagokienez, Massil Allachek gazteei zuzendutako antzezlan bat idatzi du drogen, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoari buruz. Rubén Lapuentek, bestalde, gazteen arazo, kezka, amets eta interesak jorratuko dituen abesti ikuskizun bat egiteko asmoa du.