Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Smart Cities Institutuko ikertzaileek (ISC) Emotional Films web aplikazioa jarri dute abian emozioen eraginez aurpegian izaten ditugun adierazpenen datu-base handi bat sortzeko. Sarbide irekikoa da aplikazioa, eta ikertzaileek parte hartzeko eskatu diete herritarrei, teknologia ahalik eta inklusiboena eta partzialtasunik gabea izan dadin. Emotional Films proiektuaren barrenean dago ekimena, eta proiektuaren lehenbiziko desafioa ikusleen emozioen arabera aldatuko diren ikus-entzunezko edukiak sortzeko behar den teknologia garatzea da (filmak, bideojokoak, avatar birtualak, etab.). Proiektuan, teknologia horrek beste arlo batzuetan izaten ahal dituen aplikazioak ere ari dira aztertzen, hala nola medikuntzan, hezkuntzan edo turismoan izaten ahal dituen erabilerak.

Honezkero, ikerketa-taldeak garatua du aurpegieretan oinarrituta emozioak ezagutzeko behar den teknologia. Orain, adimen artifizialeko sistemaren partzialtasun demografikoak saihestu nahian ari dira proiektuaren arduradunak. “Adibide bat ematearren, kaukasiarrek adierazitako emozioekin soilik elikatzen badugu sistema, ez da gai izanen beste arrazetako jendearen emozioak zehaztasunez analizatzeko. Beraz, profil guztiak behar ditugu, halako partzialtasunak mugatuak izan daitezen eta sistemak behar bezala funtziona dezan”, azaldu du Mikel Galar NUPeko ikertzaile eta proiektuaren zuzendari teknikoak.

zoom Investigadores

Ezkerretik eskuinera: Arantxa Villanueva, Daniel Paternain, Mikel Galar, Javier Díez, Andoni Larumbe, Gonzalo Garde, Iñaki Hulsman, Iñaki Hernández, Álvaro Donamaría eta Ibon Escartín

Emotional Films proiektuak beste sektore batzuetan ere izanen ditu aplikazioak, medikuntzan, turismoan eta hezkuntzan besteak beste. Adibidez, leku jakin bat bisitatzen duen norbaiten emozioak identifikatzeak aukera emanen du belaunaldi berriko turismoaren alorrean esperientzia pertsonalizatuak eskaintzeko, aplikazioak edo gailuak “in situ” ezarrita. Bestalde, Emotional Films lagungarria izanen da psikologoentzat eta psikiatrentzat pazienteei arreta hobea emateko, eta, oro har, tresna berriak eskainiko dizkie industria askotako profesionalei, baldin eta erabiltzaileen emozioak ondorioztatzea interesatzen bazaie eta/edo zerbitzua humanizatzeko faktore bada.

2019 bukaeran sortu zen Emotional Films, bideojokoen eta animazio zinemaren ekoizle den Dr. Platypus and Ms. Wombat enpresa nafarrak sustatuta. Izan ere, ohartu ziren ikaskuntza sakonaren esparruko garapen teknologikoek (“deep learning”) modua emanen zutela ikuslearen espresioen arabera aldatuko diren ikus-entzunezko edukiak produzitzeko. “Muga batzuk gainditzen ari gara: adibidez, gai gara erabiltzaileen emozioekin denbora errealean erreakzionatuko duten edukiak produzitzeko (filmak, bideojokoak edo beste), eta uste dugu posizio ona lortuko dutela horrela Nafarroako industriak eta gure ikertzaileek nazioarteko merkatu zailean”, nabarmendu du Carlos F. De Vigok, Dr. Platypus and Ms. Wombat Studiosen zuzendari exekutiboa eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterreko lehendakariordea denak.

Aurpegiko espresioak denbora errealean grabatzea

Gizabanakoen lagina nahikoa zabala izan dadin, bi bide erabili ditu ikerketa-taldeak. Alde batetik, filmatze-set bat instalatuko dute NUPen. Hor, martxotik aurrera, boluntarioen aurpegi-adierazpenak erregistratuko dituzte, erreakzio emozionalak sortzeko aukeratutako bideo batzuk ikusten dituzten bitartean. “Aukera horrek abantaila bat du: kalitate handiko irudiak lortuko ditugu, hainbat angelutatik hartuak, guztira bederatzi kamera instalatuko baititugu setean; badakigu, ordea, zaila dela jendea NUPeko setera etorraraztea eta jende multzo handi baten filmaketak planifikatzea”, azaldu du Galarrek.

Horregatik, datuak eskuratzeko bigarren bidea web aplikazio bat da, edozein nabigatzailetatik eta aurrealdean kamera bat integratua duen edozein gailutatik sartzeko modukoa. Aplikaziora https://emotional-films.unavarra.es/colabora estekaren bidez sartzen da, eta hor erabiltzaile gisa erregistratu behar da. Aplikazioak erabiltzaileen aurpegierak grabatzen ditu denbora errealean eta beste zenbait alderdi ere bai, inguruko argia esaterako. Gero, aurpegiera horiek adimen artifizialeko eredua elikatuko duen datu-basean erregistratzen ditu aplikazioak, datuen babeserako eskakizun guztiak errespetatuz beti.

Honako ikertzaile hauek osatzen dute aplikazioa garatu duen talde teknikoa: Mikel Galar Idoate, Daniel Paternain Dallo eta Arantxa Villanueva Larre (ISCri atxikiak denak), Álvaro Donamaría, Ibon Escartín, Gonzalo Garde, Iñaki Hernández, Iñaki Hulsman, Rubén Pascual, Javier Díez eta Álvaro Sola.

Lagina ahalik eta zabalena izan dadin, beste enpresa bati esleitu dio NUPek lehiaketa publikoaren bidez populazio laginaren prestaketa. Enpresa horrek askotariko profilak hautatuko ditu zenbait hiritan, hala nola Madrilen eta Bartzelonan. Gainera, aplikazioaren berri emateko eta edonork erabil dezan bultzatzeko moduen bila ari da NUPeko ikerketa-taldea.

Hainbat aplikazio

NUPeko taldea garatzen ari den sistemak erabiltzailearen irudia denbora errealean prozesatuko du sare neuronal konboluzional baten bidez. Sare horrek irudiak analizatu, eta oinarrizko sei emozioetan kategorizatzen ditu: zoriontasuna, tristura, beldurra, harridura, nazka eta haserrea. Erregistratutako informazioan oinarrituta, sistemak modu autonomoan hartzen ditu erabakiak, zer edukitan aplikatzen den, horren aldagaiei dagozkionak. Aurreikusitako erabileren artean lehenbizikoa sistema animazioko ikus-entzunezko produkzio batean txertatzea izanen da.

“Proiektutik atera nahi dugun hasierako emaitzetako bat teknologia hori ikus-entzunezko pieza bat sortzeko erabiltzea da, sistemak zer aukera ematen dituen erakutsiko duena —laburbildu du Mikel Galarrek—. Gure asmoa da aurrerago tresna sorta bat garatzea ikus-entzunezkoen munduko sortzaileentzat, ikuslearen emozioen eraginez erreakzionatuko duten edukiak produzi ditzaten”.

Proiektua kudeatzen duen ikerketa-partzuergoa zenbait erakunde publikok eta pribatuk osatzen dute, eta Nafarroako I+G+b-ko Sistemakoak dira horietako batzuk: Dr. Platypus & Ms. Wombat, proiektua sustatzen duen ikus-entzunezko enpresa eta proiektuaren ondoriozko teknologia ustiatzeko eskubideen jabea; NUP, garatzaile teknologikoa; UNAV eta CREENA (Hezkuntza Bereziko Baliabideen Nafarroako Zentroa), laguntza pedagogikoa ematen dutenak, eta ADItech, koordinazio-lanez, genero-aldagaia txertatzeaz eta proiektuaren zabalkundeaz arduratzen dena.

Emotional Films proiektua Nafarroako Gobernuaren I+Gko proiektu estrategikoen 2020ko deialdian hautatu zuten, eta hauek hartzen dute parte: informatikaren, ikaskuntza automatikoaren (“machine learning”) eta ikaskuntza sakonaren (“deep learning”) arloetako hogei bat ikertzailek eta ingeniari, soziologo, pedagogo, psikopedagogo eta neuromarketineko aditu batzuek, zeinak teknologia berri horrek zer aplikazio izaten ahal dituen aztertzen ari baitira gaur egun. Proiektuak Ikus-entzunezko Komunikazioko Accesita irabazi zuen 2019ko Science Ekaitza txapelketa zientifikoan.