Joan eduki nagusira

Ramón Gonzalo García Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea buru izan zen 417 ikasleri beka emateko ekitaldian, astelehenean, abenduak 27. Ikasle horiek 2021-2022 ikasturtean parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 39 herrialdetan. Ikasle gehienak (338) Erasmus programakoak dira; 40, Palafoxekoak; 3, Martín de Radakoak; 13, aldebiko hitzarmenetakoak; 16, ISEPekoak; eta 7, Prestakuntza Solidarioko programetakoak.

zoom CajaRural

Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako lehendakaria, Ramón Gonzalo García errektorea eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea, bekak emateko ekitaldia hasi baino lehen.

Dirulaguntzak emateko ekitaldia Arrosadiko campuseko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Jorge Elso Torralba Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordearen eta Ignacio Terés Los Arcos Nafarroako Rural Kutxako lehendakariaren hitz batzuen bidez eman zaio hasiera. Dirulaguntzen zenbatekoa desberdina da atzerrian ikasturte osoa igaroko dutenentzat (52 ikasle osotara) eta seihileko baterako joandakoentzat (181 udazkenekoan eta 184 udaberrikoan). Ramón Gonzalo NUPeko errektorearen hitzaldiak eman zion amaiera ekitaldiari.

Ikasturte honetan atzerriko unibertsitateren batean ikasiko duten ikasleetatik 236 emakumezkoak dira, eta gizonezkoak 181. Honako herrialde hauek dira ikasle gehien jasotzen dituztenak: Italia (69), Alemania (36), Polonia (36), Portugal (27), Frantzia (24), Belgika (19), Austria (19), Suedia (18) eta Estatu Batuak (18).

Gainerako herrialdeak hauek dira, orden alfabetikoaren arabera: Argentina, Australia, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Txile, Txina (Errepublika Popularra), Kolonbia, Hego Korea, Kroazia, Kuba, Danimarka, Egipto, Eslovenia, Estonia, Etiopia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda (Eire), Lituania, Mexiko, Norvegia, Herbehereak, Peru, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Suitza, Taiwan eta Turkia.

Hainbat mugikortasun programa

Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek Erasmus programan hartzen dute parte (Europar Batasunaren prestakuntza programa, goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetza bultzatzekoa).

Palafox da bigarren programa, Nafarroako Unibertsitate Publikoak berak sortua Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko. Programa horren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, ikasleek bermea izanik, betiere, aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko zaizkiela itzultzen direnean. NUPen nazioarteko beste programa bat Martín de Rada izenekoa da, bere baitan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako zenbait unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak biltzen dituena.

Programa horietaz gainera, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako unibertsitate batzuekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak ditugu. Eta, azkenik, ISEP USA dugu, Estatu Batuetako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.