Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Telekomunikazio Ingeniaritzako unibertsitateko graduak eskaintzen dituzten Espainiako beste hogeita hamar bat unibertsitaterekin batera hartu du parte “Las escuelas de Ingeniería de Telecomunicación. Una historia de éxitos” argitalpenean, zeina aipatu unibertsitateko tituluaren mendeurrenaren karietara argitaratu baita. NUP ordezkatuz, Silvia Díaz Lucas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak egin du argitaletxearen eta NUPen arteko zubi lana, hezkuntza-erakunde horri dagozkion datuak bilduz eta emanez. Liburua Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak eta Elkarteak (COIT eta AEIT, hurrenez hurren), eta Telekomunikazio Ingeniari titulua ematen duten Eskoletako Zuzendarien Konferentziak (CODITEL) argitaratu dute.
Telekomunikazioko ingeniaritza ikasketen ibilbidearen berri ematen du liburuak. Azaldu duenez, Titanic-en hondoratzeak Telegrafiako Eskola Orokorraren sorrera bultzatu zuen 1913an; izan ere, istripuaren eta Carpantia transatlantikoan jasotako mezu telegrafikoari esker salbatu ziren 710 bizitzen ondorioz, Londresen egindako Irrati-telegrafiako Biltzarrak Eskola Ofizial bat sortzera behartu zituen bertako herrialdeak, irrati-telegrafisten ziurtagiriak egin zitzan. Eskola hori, liburuan azaltzen denez, gaur egungoen aurrekaria da. Gero, 1931n, Telekomunikazio Ingeniaritzaren atribuzio profesionalak onetsi ziren, eta indarrean daude oraindik ere. “Beste ingeniari taldeek oso aurkako jarrera izan zuten, bereziki industria-ingeniariek”, testuan azaltzen denez.
Telekomunikazio Ingeniaritza NUPen
Liburuan aipatzen denez, NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasketak 1990-1991 ikasturtean hasi ziren, hots, Unibertsitateak bere ibilbidea hasi eta bigarren urtean, eta bere ikasketa plana hilabete batzuk lehenago homologatu zen. Helburu honekin sortu zen plan hori: kalitatezko irakaskuntzak, orotarikoak, taxutzea, eduki esperimentalak bereziki azpimarratuz.
Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua da bere izena egun NUPen, eta Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoaren (IITIGMET) mende dago. Bere ikasketa-planaren bidez hezkuntza sendoa lortu nahi da matematika, fisika eta informatika oinarrizko arloetan eta prestakuntza maila handia informazioaren eta komunikazioen teknologien arloan. Horretaz gainera, nolabaiteko espezializazio maila bat lortu nahi da, ikasleari erakargarrien suertatuko zaizkion gaiak aukeratzen eta bere profila bere lan aukeren arabera egokitzen lagunduko diona.
Kalitateko zigiluak eta IITIGMETeko eskaintza osoa
Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduak EUR-ACE® akreditazioa jaso zuen 2016an. Nazioartean aitorpena duen zigilu bat da, Europan goi mailako kalitateko ingeniaritza-programak identifikatzeko aukera ematen duena. Baimendutako akreditazio agentzia independente batek ematen du ziurtagiri hori, ENAEE agentziak alegia (Ingeniaritzako Hezkuntza Akreditatzeko Sare Europarra). Gero, 2020an, Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrak aitorpen bera jaso zuen.
2018. eta 2019. urteetan, bestalde, IITIGMETeko eskaintza zabaldu zen Ingeniaritza Biomedikoko Gradua eta Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza ezarrita. Egun, argitaratu berri den liburuan azaltzen denez, IITIGMETen zazpi gradu eta gradu bikoitz bat ematen dira, eta, horietaz gainera, bederatzi master eta master bikoitz bat. Gainera, bi doktoretza-programa, 15 ikerketa talde eta bi ikerketa-zentro elkartu ditu (ISC eta INAMAT2).