Joan eduki nagusira

Campus Iberusen "Iberus Experience" nazioarteko talentua erakartzeko programak –Europako Batzordeak kofinantzatua–, 1,2 milioi euroko aurrekontua du guztira (2,4 milioi euro), eta partzuergo hori osatzen duten unibertsitateei aukera emanen die programan hamaika ikertzaile sartzeko. Horietatik hiru Nafarroako Unibertsitate Publikora (NUP) etorriko dira. 

zoom IberusExperience

Ikasle batzuk NUPen.

Parte hartuko duten 31 taldeen ikerketa-ildo nagusiak heldu den urriaren 22an aurkeztuko dira Open Day Iberus Experience online ekitaldian. Horretara sartzen ahal zara, aldez aurretik izena emanda. Antonio Gil Bravo, Cesar Arrese-Igor Sanchez, Ignacio Matias Maestro, Iñigo Ederra Urzainqui eta Iñigo Lasa Uzcudun ikertzaileek hartuko dute parte ekitaldian. 

Doktoretza ondoko egonaldiak partzuergoko bost arlo estrategikoetako batekin lotuta egonen dira: elikadura eta nutrizioa, osasuna eta teknologia, energia, jasangarritasuna eta ingurumena, gizarte- eta lurralde-garapena eta bio-ekonomia zirkularra.  Hautatutako pertsonak 2022an hasiko dira lanean, 3 urtez, nor bere unibertsitatean: NUPen aipatutako hiru pertsonez gain, lau Lleidako Unibertsitatean sartuko dira, bi Zaragozako Unibertsitatean eta beste bi Errioxako Unibertsitatean. 

Nazioarteko talentua erakartzea

"IberusExperience" ek indartu eta nabarmendu egiten du Ebro ibaiaren erdialdeko lau unibertsitate publikoen batasunaren indarra, nazioartekotzeko eta ikerketa-talentua erakartzeko ibilbide bateratu batean. Gainera, horrela, Iberus Campusek bidea erraztuko du beste herrialde batzuetako unibertsitate eta enpresa batzuekin harremanak sortzeko. 

Iberus Campusari nazioarteko talentua erakartzeko emandako bigarren programa da, "IberusTalentek” 22 herrialdetako doktoretza aurreko 36 ikertzaileri sartzeko aukera eman eta gero. Herrialde hauetakoak dira ikasleak:  Alemania, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Egipto, Espainia, Eslovenia, Etiopia, Filipinak, India, Iran, Italia, Kenya, Grezia, Libano, Nigeria, Portugal, Errusia, Tunisia, Turkia eta Ukraina.

Programak 26 herrialdetako 84 erakunderen bermea du. Erakunde horiek prest daude prestakuntza eta ikerketa-egonaldiak eskaintzeko, baita ikertzailearen karrera profesionala unibertsitatean eta unibertsitatetik kanpo garatzen laguntzeko ere. 

Campus Iberus

Campus Iberus Ebro ibarreko unibertsitateen aliantza estrategikoa da (Zaragoza, Lleida, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Errioxa), eta 55.000 ikasle biltzen ditu 142 gradu-titulutan eta doktoretzako 3.200 ikasle, 83 doktoretza-programatakoak. Gainera, lau unibertsitateetan ematen diren 138 master ofizial eta 181 titulu bereki eskaintzen ditu.