Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) matematikarekin lotutako dibulgazio jarduera batzuetan hartuko du parte heldu den astean. Navarro Villoslada BHIko Nazioarteko Batxilergoko lehenbiziko ikasturteko Nicolás Atanes Santos ikasleak antolatu ditu zientzia horren ezagupena eta zaletasuna bultzatzeko. “Matematikaren problema ebatzigabeak: XXI. mendeko desafioa” lemapean antolatutako jarduerak jende guztiarentzako modukoak dira, baina Batxilergoko ikasleei zuzenduak daude bereziki. 

zoom NicolásAtanes

NUP.

Besteak beste, matematika-klase bat emanen da uztailaren 30ean, ostirala, 11:00etan, NUPeko 2. mintegian, Arteak eraikineko beheko solairuan. Matematikako Olinpiadetan planteatzen direnen antzeko problemak ebatziko dira, hau da, “ezagupen espezifikorik ez, baizik pentsatzea eskatzen dutenak”, esan dute ekimenean parte hartzen duten irakasleek. 

Matematika, kalean

Gainerako jarduerak honako egun hauetan eginen dira: uztailaren 29an, 11:00etan, ikuspegi matematikoa duen bisita eginen da Iruñeko katedralera (bisitan parte hartzeko, inprimaki hau bete behar da). Arratsaldean, 18:00etan, zenbait eremutan matematikak nola aplikatzen diren azalduko dute Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroko erakusketa-aretoan (CIMA).

Hilaren 30ean, 17:30ean, matematika-jolasak izanen dira, “Uztaileko ekintza” izeneko ekimenean, Gaztelu Plazan (Espainiako beste zenbait hiritan ere eginen da). Gero, matematika-ginkana bat eginen da, eta bi modalitate izanen ditu: haurrena eta helduena. Horretarako ere inprimakibat bete behar da. Azkenik, hilaren 31n, 17:00etan, matematika kiroletan aplikatzeko jarduera bat eginen da Iruñeko kirol instalazio batzuetan (oraindik ez da zehaztu non). Azkeneko ekimen horretan parte hartzeko, mezu bat idatzi behar da helbide elektroniko honetara: virusmatematico@hotmail.com.