Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleak praktiketan hartzen dituzten entitateei eskerrak emateko ekitaldia egin zuen atzo, ekainak 16, asteazkena. 750 erakunde baino gehiago dira, enpresak, ikastetxeak, erakunde publikoak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak besteak beste. Horretaz gainera, Mentore Seniorren Planean parte hartzen duten ia ehun lagunen lana aitortu zuten ekitaldian. Unibertsitatearekin lotura duten profesionalak dira, eta etorkizun profesionala bideratzen laguntzen diete hala nahi duten ikasleei.

zoom Ekitaldiko parte-hartzaileak, hura hasi baino lehen.

Ekitaldiko parte-hartzaileak, hura hasi baino lehen. Ezkerretik eskuinera, Rafael Lara (Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa), Marta Ancín (entitateen izenean), María Ruiz (NUPeko ikaslea) eta Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea).

Ramón Gonzalo errektorea izan zen ekitaldiaren buru, eta han izan ziren, baita ere, Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren kudeatzailea, Rafael Lara González Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa eta, NUPekin lankidetzan ari diren entitateen izenean, Marta Ancín Pagoto Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen zuzendaria. Praktiken Programan eta Mentore Seniorren Planean parte hartzen duten ikasleen izenean, berriz, María Ruiz Fernández de Arcaya ikasleak hartu zuen parte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleak.

Praktiken balioa unibertsitateko prestakuntzan

Unibertsitateko ikasleen prestakuntzako jardueretako bat da praktikaldia, eta titulazioaren ikasketa-planean integratuak egoten ahal dira (curriculumeko praktikak) edo ez (curriculumetik kanpoko praktikak). Urtero, 3.300 praktika inguru kudeatzen ditu Unibertsitateak. Aipatzekoa da lau ikasletik hiruk curriculumeko praktikaldi bat egina izaten duela gradua bukatutakoan.

zoom TEXTO ALT

TEXTO PIE

Praktiken helburua ikasleek prestakuntza akademikoan lortutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea da. Hala, gaitasunak eskuratzen dituzte lanbidean hasten direnerako, eta areagotu egiten dituzte lana lortzeko aukerak eta ekintzaile izateko trebetasuna.

Mentore Seniorren Plana

NUPeko Mentore Seniorren Planean, mentore bakoitzak hiru ikasleri laguntzen dio gehienez, eta gutxienez bi aldiz elkartzen da haiekin martxotik maiatzera bitartean. Mentoreek lan orientabidea ematen diete, ikasleen aukera profesionalak hobetzeko, beren gaitasunak indartzeko eta erraztasunak emateko “networking” delakoa egin dezaten, hau da, enpresekin harremanetan jarri, kontaktuak egin eta sarean lan egin dezaten.

Ikasleek, bestalde, konpromisoa hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako 10 orduko trebakuntza presentzial batera joateko. Doakoa da ikastaroa, eta coaching-ean, lan orientazioan eta adimen emozionalean esperientzia eta prestakuntza egiaztatua duten profesionalek ematen dute. Ikasleek konpromisoa hartzen dute, halaber, esleitutako mentorearekin bi bilera egiteko, haren laguntzaz lana aktiboki bilatzeko eta mentoreak eskainitako zerbitzuak baliatzeko. 2018-2019 ikasturtean plana martxan jarri zenetik, 380 ikaslek hartu dute parte programan eta 175 profesional izan dira mentore.