Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekainaren 25era arte dauka zabalik Parekoen arteko Mentoretza Planean izena emateko epea. Plan horren bidez, NUPeko 2., 3. eta 4. ikasmailetako ikasleek konpromisoa hartzen dute Unibertsitateko ikasle hasiberriei aholkua eta informazioa emateko. Programan izena ematen dutenek doako prestakuntza espezifikoa eta diploma bat jasoko dituzte, eta, gainera, aukera izanen dute Unibertsitate Zabalpeneko 2 ECTS kreditu eskuratzeko.

zoom Grupo de mentores

Mentore taldea ikasturte hasierako bilera batean

Mentore izatea erabakitzen dutenek gai akademiko eta administratiboei buruzko informazioa eta orientazioa emanen diete beren titulazio bereko lehenengo ikasmailako 7 ikasleri gehienez ere. Horretarako, laguntza eta prestakuntza emanen diete Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak, beren fakultateak edo ikastegiak, Unibertsitate Arretarako Unitateak eta Ikasleen Kontseiluak.

Mentore gisa parte hartzeko, aski da 2021-2022 ikasturtean 2., 3. edo 4. ikasmailako ikaslea izatea eta motibazioa edukitzea lehenengo ikasmailako ikasleei Unibertsitatean integratzen laguntzeko. Izena emateko inprimakian, zein titulaziotakoa den eta beste jarduera sozial edo solidarioren batean parte hartu duen adierazi behar du mentoregaiak, bai eta motibazio gutun labur bat idatzi ere. Unibertsitatearen webgunean dago programari buruzko informazio guztia.

Konpromisoa

Mentoreen zeregina da mentorizatutako ikasleei laguntzea independenteago izaten eta beren kabuz moldatzen Unibertsitatean, bai eta lan egiteko eta ikasteko ohitura eraginkorrak hartzen ere.

Prestakuntzako bilera eta lantegietara joateaz gain, eskolak edo fakultateak antolatzen duen ikasle hasiberrien ongietorri-saioan hartuko dute parte mentoreek. Bestalde, konpromisoa hartzen dute ardurapean daukaten ikasle taldearekin hiru bilera egiteko, bilera horietako bakoitzari buruzko txosten-fitxa bat betetzeko, eta amaierako autotxosten bat idazteko maiatzean.

Azkenik, ikasle mentorizatuek berek ebaluatzen dituzte mentoreak.