Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioaren (USE) probak egingo ditu Arrosadiko (Iruñea) eta Tuterako campusetan 2019ko ekainaren 2an, 3an eta 4an ohiko deialdian eta ekainaren 23an, 24an eta 25ean ohiz kanpoko deialdian. Guztira, 3.869 ikaslek eman dute izena probak egiteko. Horietatik, 2.276 emakumeak dira, eta 1.593 gizonak. Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 2.801 ikaslek eginen dute gaztelaniaz, eta 1.068k euskaraz.

zoom EVAU 2020

Ikasleak, joan den urteko USEan.

Aurreko urtean bezala, gaur egungo osasun egoera dela-eta, prebentzio eta higiene neurriak erabaki dira probak behar bezala egin daitezen.  Horregatik, ezin izanen dira ikastegietan sartu COVID-19arenak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak, gaixotasuna diagnostikatua duten eta bakarraldi nahitaezkoa bukatu ez dutenak, ez eta COVID-19a diagnostikatua duen edo gaixotasuna bera duen norbaitekin harreman estua izateagatik etxean bakarturik daudenak ere. 

Era berean, probarik egin behar ez dutenak ezin izanen dira egoitzetara sartu, laguntza behar duten ikasleen laguntzaileak izan ezik. Ongi egurastuko dira gune guztiak, eta garbitasuna bereziki zainduko da. Beraz, aldez aurretik higienizatuko tokietan eginen dira azterketa guztiak. Osasun protokolo osoa Unibertsitatearen webgunean dago. Bestalde, ikasleentzako bertsio sinplifikatu bat egin da. 

Aldaketarik ez azterketetan. Emaitzen kontsulta “online”

Notak ekainaren 10ean argitaratuko dira (osteguna), eta, kontsultatzeko, NUPen webgunean eta Android edo Applererako aplikazio espezifiko batean sartu behar dute ikasleek; izan ere, ikasle bakoitzari pasahitz bat eman zaio. Oroitarazi beharra dago ikasle bakoitzak “emaitzen txartel elektronikoarekin” deskargatzen ahal dituela bere kalifikazioak. 

Azterketak aurreko urteko egitura bera izanen du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, aurreko deialdietan baino aukera gehiago eman zitzaizkien ikasleei erantzuteko. 2020ko deialdiaren eredua Unibertsitatearen webgunean dago. Hor berean jarriko dira aurtengo deialdikoak ere probak behin hasita. Proba bakoitza eskuratzeko moduan egonen da ordu-tartea bukatutakoan.

Era berean, erreklamazioren bat egin nahi izanez gero, telematikoki egin behar dute ikasleek, ekainaren 10eko 14:00etatik ekainaren 14ko 10:00ak arte betiere. Azterketak berrikusteko eskaerarik egin ez badute, ekainaren 16tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazio txartel elektronikoa; berrikusteko eskaera egin badute, aldiz, ekainaren 21etik aurrera.

Probak nola egingo diren

Proba egiteko matrikulatu diren ikasleak 7 epaimahaitan daude banatuta; horietatik 6 Iruñean (horietako bi euskarazkoak), eta zazpigarrena Tuteran. Iruñeko epaimahaiek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan izanen dute egoitza (Sario, Osasun Zientzien campusa eta Ikasgelategia). 

Ikasleek ezin izango dute sartu komunikatzeko edo datuak gordetzeko gailu elektronikorik azterketa egingo den ikasgelan, besteak beste, telefono mugikorrak, ordenagailu pertsonalak eta ordulari adimendunak. Probak egiteko ordutegia eta ikastetxe bakoitzari zein epaimahai dagokion NUPen webgunean daude kontsultatzeko. Aurreko urtean bezala, ikasle guztiek aldez aurretik jakinen dute zer gelatan egin behar duten azterketa bakoitza, baita, sarrera pixkanakakoa izan dadin, nondik eta zer ordutan sartu behar duten.

USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen bada (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.

Azterketa-egutegia hiru egunetarako

2021eko ekainaren 2an hasiko dira azterketak, asteazkenean: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II, eta, 12:00etan, Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.

Ekainaren 3an, osteguna, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Biologia; 17:30ean, aldiz, Marrazketa Teknikoa II, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.

Ekainaren 4an eginen dira azkeneko azterketak, ostiralean: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketa eginen da, eta 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.