Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Mentoretza Seniorraren Planaren aurtengo edizioa aurkeztu du, zeinean esperientzia handiko ia ehun profesionalek hartzen baitute parte, azken ikasmailetako 124 ikasleri orientazioa ematearren etorkizun profesionaleko aukerei buruz, beren laneratzea hobetzeko. Saioa modu presentzialean nahiz birtualean egin da, eta 43 mentorek hartu dute parte aurtengo 93etatik.

zoom Mentores y autoridades

Bileran modu presentzialean parte hartu zuten mentoreen irudia Aurrean, ezkerretara, Yolanda Corredor, Unibertsitate - Gizarte Fundaziokoa; Ramón Gonzalo errektorea; eta Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea.

Ramón Gonzalo errektorea izan da topaketaren buru, eta Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea eta Yolanda Corredor Casado Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enpleguko eta Etengabeko Prestakuntzako Zerbitzuko zuzendaria aritu dira hizlari.

Errektoreak eskerrak eman dizkie mentoreei beren laguntzagatik, eta, azpimarratu duenez, “guretzat funtsezkoa da Nafarroako pertsonak eta erakundeak unibertsitatearekin lotzea. Horregatik, asko eskertzen dizuet zuen denbora eta dedikazioa eskaini izana gure ikasleei, besoetan hartu baitituzue eta inoiz ahaztuko ez duten aukera bat eman baitiezue”.

Hitzaldietan, Cristina Bayonak eta Yolanda Corredorrek datu interesgarri batzuk eman dituzte programan parte hartzen dutenentzat, bai unibertsitateak enpleguarekin eta ekintzailetzarekin lotuta egiten dituen jarduerei buruz, bai ikasleen prestakuntzari, gaikuntzari eta enplegagarritasun-indizeei buruz.

Topaketa baliagarria izan da, halaber, Mentoretza Planaren helburuak, itxaropenak eta lehen bi edizioetan lortutako emaitzak zehaztasun handiagoz ezagutarazteko.

Pozgarria eta onuragarria denentzat

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Mentoretza Seniorraren Planari esker, ikasleak harremanetan jartzen ahal dira esparru diferenteetako profesionalekin, ekintzaileekin edota enpresa eta erakunde laguntzaileetako zuzendaritzako kide eskarmentudunekin.

Programaren hiru edizioetan, graduko azken ikasmailetako, masterreko eta titulu berekietako 384 ikaslek eta sektore desberdinetako 190 profesionalek hartu dute parte.

Programan parte hartu duten pertsonei egindako inkesten emaitzen arabera, % 98k errepikatu eginen lukete esperientzia, eta % 95ek laneratzeko aukera gehiago dituztela uste dute.

Ikasleek programaren bidez lortzen dituzten onura batzuk dira, besteak beste, beren konfiantza eta motibazioa sustatzea, lan merkatuari eta haren joerei buruz duten ezagutza hobetzea, loturak eta harremanak sortzea, erakunde edo enpresa baten ikuspegi errealagoa izatea, eta bestela izanen ez lituzkeen aukerez gozatzea.

Bestalde, mentoreek harremana ezartzen dute beste belaunaldi batekin, gazteek lortu nahi dituzten lanen antolaketa-ereduari buruz dituzten ikuspuntuak ezagutzen dituzte, loturak sortzen dituzte, eta gogoeta egiten dute beren erakundeek unibertsitateko tituludunen profilera eta itxaropenetara egokitzeko duten gaitasunari buruz.

Programa honetan, gehienez ere hiru ikaslerekin bilduko da mentore bakoitza, eta gutxienez ere bitan elkartuko dira apiriletik ekainera bitarte. Bilera horietan, beren lan aukerak hobetzeko lan orientazioa emanen die, beren trebetasunak bultzatu eta sustatuko ditu, eta “networking” delakoa egiteko aukera emanen die, hots, enpresekin eta pertsonekin harremanak egin eta sarean lan egitekoa.

Ikasleek, beren mentorearekin bilerak egin baino lehen, lan orientazioko lantegi batzuk egin behar dituzte beren lan arloko helburuak zehazteko eta itxaropenak bideratzeko.