Joan eduki nagusira

Ion Agirrezabal Moreno Ekonomiako, Kudeaketako eta Antolamenduko doktoreak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin du doktoretza-tesia: “La evaluación de tecnologías sanitarias como herramienta para asegurar el acceso eficaz y equitativo a las terapias de alto coste”. Tesian, Ingalaterran merkaturatutako hiru medikamentu berritzaileren zenbait alderdi ikertu ditu. Ikerketaren ondorioetako bat da ezen, “glargina intsulinaren botika bioantzekoa 2015ean merkaturatu zenetik, aurreztu zitekeen kopuruaren parte txiki bat baino ez dela egiaz aurreztu Ingalaterran, hots, % 3,4 baino ez; hortaz, 25,6 milioi libera gastatu dira beharrik gabe”.

zoom Ion Agirrezabal Moreno

Ion Agirrezabal Moreno

Munduko Osasun Erakundearen arabera, osasun sistemen helburu nagusia biztanleen batez besteko osasun maila hobetzea da, bai eta osasunarekin lotutako desparekotasunak murriztea ere. Horretarako, osasun arloko erabakiak hartzen dituztenek zein teknologiatan inbertitu eta zeinetan ez erabaki behar dute. “Osasuneko teknologien ebaluazioak lan esparru bat eskaintzen die erabaki-hartzaileei erabilgarri dituzten baliabideak ebidentzian oinarrituz eslei ditzaten eta lehentasunak ezar ditzaten”, dio tesiaren egileak.

Horren haritik, “aurrekontuak gero eta estuagoak direnez eta datozen urteetan segur aski kostu handiko terapia berritzaile dezente merkaturatuko direnez, osasuneko teknologien ebaluazio zorrotzak eta gardenak egin behar dira, gaixotasunaren alderdi guztiak baloratu eta interes-talde guztien ikuspegiak aintzat hartuko dituztenak. Are garrantzitsuagoa da hori gaur egungo pandemiaren egoeran, ezinbestekoa baita osasuneko baliabideak modu eraginkor eta bidezkoan baliatzea denon osasuna bermatzeko eta sistema jasangarria izan dadin epe labur eta luzean”.

Ingalaterran agindutako botiken kasua

Doktoretza-tesia NUPeko Ekonomia Saileko Juan Manuel Cabasés Hita katedradunak eta Eduardo Sánchez Iriso irakasleak gidatu dute, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du. Honako hau du izenburua: “The importance of health technology assessment to ensure an efficient and equitable access to high-cost therapies”. 

Baina, zergatik aukeratu zuen Ion Agirrezabalek Ingalaterra? “Gobernu britainiarrak datu-base ikaragarriak argitaratzen dituelako Erresuma Batuko eskualde horretako aldagai soziosanitarioen informazioarekin. Guk dakigunez, munduan ez dago beste jurisdikziorik hainbeste datu jakitera ematen duenik”.

Zehazki, azken urteotan merkaturatu diren hiru sendagai berritzaile mota ikertu ditu Ion Agirrezabalek: karfilzomiba (mieloma anizkoitza tratatzeko erabiltzen da), denosumaba (osteoporosiarentzat agintzen da) eta botika bioantzekoak (oinarri biologikoko medikamentuak, jatorrizkoen pareko eraginkortasuna eta segurtasuna izanik ere merkeago merkaturatu ohi direnak patentea iraungia dutelako).

Lehenbiziko botikaren kasuan, kostuaren eta eraginkortasunaren arteko erlazioa ebaluatzeko, kalitate handiko informazio iturriak konbinatu zituen, nola egiazko mundukoak hala ausazko entsegu klinikoetakoak, eta frogatu zuen “karfilzomib medikamentuarekin berreskuratu denak adierazten duela baliabideak modu eraginkorrean esleitu direla itxura batera”.

“Baliteke, ordea, medikamentu berritzaileak biztanleen artean banatzeko modua ez izatea ez bidezkoa ez eraginkorra nahiz eta medikamentuen finantzaketari buruzko ebidentzian oinarritutako erabakiak hartu. Gure analisiarekin erakutsi genuen desparekotasun esanguratsuak zeudela osteoporosiarentzako sendagaiak agindutako jende kopuruari erreparatuz gero. Oso argi ikusten da hori denosumab medikamentuaren kasuan, Ingalaterrako leku aberatsenetan agintzen baita nabarmen gehien. Gure ustez, datu horiek kezkatu egin beharko lituzkete agintariak, eta neurriak hartzen hasi beharko lukete halako desparekotasunak eragozteko, osteoporosiaren kasuan ez ezik baita beste kasu guztietan ere”.

Bioantzekoen kasua

Medikamentu bioantzekoak patentea iraungia duten medikamentu biologikoen kopiak dira, eta, merkeago merkaturatu ohi direnez, kostua txikitu egiten da. Medikamentu “generiko” izenekoekin bezalako zerbait gertatzen da, baina bioantzekoak produzitzeko prozesua korapilatsuagoa izaten da.

Nahiz eta Ingalaterran sendagai bioantzekoak erabiltzea bultzatzeko gidak eta gomendioak egin kostu handiko botikek aurrekontuetan duten eragina murriztearren, Ion Agirrezabalen esanean “bioantzekoak ez dira uste bezain bizkor eta arrakastaz sartu Ingalaterrako merkatuan, produktu jakin batzuen kasuan bederen”. Gure ikerketak dio glargina intsulinaren bioantzekoa 2015ean merkaturatu zenetik askoz gehiago aurrezten ahal zela Ingalaterran; izan ere, % 3,4 baino ez zen aurreztu, edo, bestela esanda, 25,6 milioi libera galdu ziren gutxi gorabehera”.

Ion Agirrezabalek dioenez, “Ez dago argi zergatik. Gure analisiaren helburua ez zen horren kausa argitzea, baina gure ustez baliteke honako arrazoi hauengatik izatea: batetik, aurrezteko ahalmen handiena duten gaixotasunetarako bioantzekoekin bultzatzen du osasun sistemak aurrezkia; bestetik, osasuneko profesionalek eta pazienteek ez dakite nolakoa den botika bioantzekoen errealitatea; eta, azkenik, profesional eta paziente batzuk ez dute aldaketarik nahi”.

Ikertzailearen iritziz, “emaitzek adierazten dute arazoren bat dagoela oinarrizko osasun laguntzan bioantzekoak erabiltzea sustatzeko giden inplantazioan, eta, horren ondorioz, ez direla erabiltzen osasun sistemari balio handiena dakarkioten botikak”. Ion Agirrezabalen ustez, medikuek botika bioantzeko gehiago aginduko balituzte, osasun sistemak baliabide gehiago izanen lituzke (eta erabiltzen ahalko lituzke beste medikamentu berritzaile batzuetarako). Gainera, baliteke eskualde batetik bestera dagoen aldearen zergatia izatea “eskualde batzuetan beste batzuetan baino aukera handiagoa dagoela medikamentu berritzaileak jasotzeko. Hori, beraz, sendagaiak eskuratzeko aukera-desberdintasunaren beste erakusle bat da, eta agerian uzten du neurriak hartu behar direla osasun sistema bidezkoa eta jasangarria izan dadin epe luzean”.

“Laburbilduz —dio doktoretza-tesiaren egileak—, ikerketan frogatu dugu ezen, kasu askotan ebidentzia aski egonik ere erabaki-hartzaileei informazioa emateko medikamentu berritzaileei baliabideak esleitzeari buruz, litekeena dela praktikan baliabideak modurik onenenean ez esleitzea”.

Azkenik, Ion Agirrezabalek nabarmendu du zeinen aukera onak ematen dituen kalitate oneko datu-base handiak konbinatzeak. “Datuen analisiaren aroaren hastapenetan gaude oraindik, eta espero dugu beste batzuek gure metodoak erabiliz ideia berriak aurkeztuko dituztela etorkizunean, osasun sistemak bidezkoagoak eta eraginkorragoak izan daitezen”.

Ion Agirrezabal Moreno Biokimikan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean (2002-2007). Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Estatistika Aplikatu Aurreratuaren Unibertsitate Adituaren titulua UHUNen. Gero, Ramón Areces Fundazioaren beka bati esker, Osasunaren Nazioarteko Kudeaketako Masterra egin zuen Imperial College Business School izenekoan (Londresen, 2012-2013), eta Osasunaren Ekonomiako Doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2016-2020). Ibilbide profesionalari dagokionez, ikertzaile lanetan aritu da Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroan (CIMA, Nafarroa) eta Bartzelonako Clínic Ospitalean, ikertzaile eta garapen teknikari gisa Cinfa zentroan, eta analista eta aholkulari Costello Medical Consulting (Cambridge, Erresuma Batua), Amgen (Zug, Suitza) eta Covance enpresetan. 2019az geroztik, irakasle elkartua da NUPen, eta, horrekin batera, osasunaren ekonomiako kudeatzaile senior gisa ari da Sirtex enpresa farmazeutikoan.