Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bere jakintza-arlo guztietako 52 titulu bereki eskaini ditu 2021-2022 ikasturterako, eta lehenbiziko aldiz emanen ditu horietako hamar. Izena emateko lehenbiziko epea martxoaren 25etik maiatzaren 17ra bitarte egonen da zabalik. Ezarritako titulu berekien artean, nabarmentzekoak dira Kiroleko Fisioterapiako Masterra, Iritzi Publikoaren eta Merkatuen Ikerketako Espezializazio Diploma, Ikerketa Sozialeko eta Marketineko Unibertsitateko Aditua, Ebaluazio Neuropsikologikoko Unibertsitateko Aditua eta “Smart Cities” Teknologietako Unibertsitateko Aditua. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

zoom TítulosPropios

Ikasle batzuk NUPen

Graduko ikasketekin lotutako titulu berekien eskaintzak “NUPen funtsezko apustuetako bat izaten jarraitzen du, eta oso aukera interesgarria da beren gradua espezializazioekin osatu nahi duten ikasleentzat”, adierazi dute Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzako arduradunek. Horrela, hamalau titulu bereki eskaintzen dira, unibertsitateko gradu edo master ofizial batekin batera egiten ahal direnak. Era berean, ikasketa bereki horietako 18 formatu erdipresentzialean edo erabat online eginen dira; izan ere, “aukera horren eskaria gero eta handiagoa da, oso erakargarria baita batez ere jardunean dauden profesionalentzat”, nabarmendu dute aipatu errektoreordetzan.

Osasun-egoera gorabehera, bideokonferentzien eta tresna digitalen bidez amaitu ahal izan dira 2019-2020 ikasturtean COVID-19aren pandemiaren ondorioz programazioa aldatu behar izan zuten titulu bereki guztiak, eta ikasleen balorazio positiboarekin gainera. Izan ere, ikasleek modulu bakoitzean eta titulu bereki bakoitzaren amaieran egiten dituzten inkestetan bildutako datuen arabera, jasotako prestakuntzarekiko batez besteko iritzia 8,4 puntukoa izan zen 10etik. Gainera, aurten 700 ikasle baino gehiago ari dira titulu bereki bat egiten NUPen, eta guztiak ari dira ikasturtea programaren arabera jarraitzen. 

Prestakuntza-eskaintzaren helburu eta ezaugarriak

Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Enpleguko eta Etengabeko Prestakuntzako Zerbitzuak kudeatzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskaintzen dituen titulu bereki gehienak. Prestakuntza-eskaintza horrek bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen gaitasunak eta trebetasunak sustatzea eta profesionalen eguneratzea bultzatzea lan-merkatuan sar daitezen, edo beren titulazioari egokitutako lanpostu bat eskura dezaten; eta, bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua eduki dezatela.

Alde horretatik, nabarmendu behar da NUPen titulu berekien % 42 lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatzen dela, finantzaketa eta zabalkundea erraztuz edo ikasleei prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera emanez parte hartzen duten erakundeekin. 

Horretaz gainera, titulu berekietako ikasleek zenbait abantaila dituzte, hala nola lan-orientaziorako unibertsitateko zerbitzua, enpresa eta erakundeetan prestakuntza-praktikak egiteko aukera, eta Unibertsitatean zenbait zerbitzu eta deskontu izateko aukera (hizkuntza-ikastaroak, kirolak, e.a.).