Joan eduki nagusira

Guztira, 401 ikasle doktoretza ikasketak egiten ari dira 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Erdiak gizonak dira eta beste erdiak emakumeak. Kopuru horretatik, 307k nazionalitate espainiarra dute, eta gainerakoek beste herrialde batzuetakoa. Ikasle gehien dituzten atzerriko herrialdeak Kolonbia (18) eta Txile (10) dira.

zoom Doctorados1

Ekitaldi instituzionalean mahaian. Ezkerretik eskuinera: Iosu García, NUPeko Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria; Conchi Casado, NUPeko Ikerketa Ataleko burua; María del Mar Marcos Sánchez, Doktoretza Eskoletako zuzendarien konferentziako zuzendaria; Patxi Arregui, NUPeko Ikerketako errektoreordea; Mercedes Sánchez García, NADOEko zuzendaria, eta Begoña Vicente, NUPeko ikerketa institutuetako negozio garapenerako koordinatzailea.

Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE) ongietorria egiteko egun bat antolatu zuen NUPen ikasten hasiko direnentzat, eta informazioa eman zien Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuei eta ikasketei buruz. Ongietorria egiteko egunean, honako hauek mintzatu ziren: Mercedes Sánchez García NADOEko zuzendaria, Patxi Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea eta Begoña Vicente Yenes Ikerketa Institutuetako Negozio Garapenerako koordinatzailea. Bestalde, María Del Mar Marcos Sánchez Kantabriako Unibertsitateko Doktoretza Eskolako zuzendari eta Doktoretza Eskoletako Zuzendarien Batzarreko lehendakariak eman zuen inaugurazio-txostena: “Doktoretzaren onura pertsonal eta sozialak”. 

zoom Doctorados2

Doktoretzako ikasle bat, ekitaldi instituzionalean.

Gaur egun NUPen irakurtzen diren tesien herenak nazioarteko aipamena du. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, besteak beste hauek: Espainiatik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin izana, tesiaren laburpena eta ondorioak gutxienez EBko hizkuntza batean argitaratzea (Espainiako hizkuntza ofizialetako bat ez dena), eta lana ebaluatzeko epaimahaikideetako bat gutxienez Espainiakoa ez den zentro bati lotutako ikertzailea izatea.

Doktoretza NUPen

2011ko 99/2011 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitate ikasketa ofizialen hirugarren zikloa da doktoretza, kalitateko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratua. NUPen kasuan, hiru atal nagusi hauetan egituratzen da doktoretzako prestakuntza: doktoregai guztientzako berdina den enbor bat, tesiaren jarduerari lotutakoa; programa bakoitzaren barruko prestakuntza espezifikoa, ikerketa-lerroei dagozkien gaitasunei lotutakoa; eta zeharkako prestakuntza, batez ere laneratzeko gaitasunak eskuratzera bideratua.

Gaur egun, hamabost doktoretza programa eskaintzen ditu NUPek, eta Unibertsitateko ikasketak antolatuta dauden bost adarretan. Zehazki, Arteak eta Giza Zientziak izeneko blokean, Giza eta Gizarte Zientziak, batetik, eta Ondarea, Gizarteak eta Mugaguneak, bestetik. Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen blokean, hauek: Zuzenbide Pribatua; Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketa/ Doctorate in Economics, Management and Organization; Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea; eta Gizarte Lana. 

Bestalde, Zientzien blokean, doktoretza-programa hauek eskaintzen dira: Ingurumen Agrobiologia; Zientzia eta Teknologia Industrialak; Matematika eta Estatistika; eta, azkenik, Kimika Sintetikoa eta Industriala. Ingeniaritzan eta Arkitekturan, bestalde, lau programa daude: Nekazaritzako Elikagaiak, batetik, Bioteknologia, bestetik, Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak, eta, azkenik, Nekazaritzako Elikagaien Produkziorako eta Kalitaterako Sistema Eraginkorrak. Azkenik, Osasun Zientzien adarrean, programa bakarra dago: Osasun Zientziak.