Joan eduki nagusira

Diana Marín Ederra Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bioteknologiako doktoretza-programako ikasleari saria eman diote “Mahatsondoan txertatutako landareen konexio baskularren ebaluazioa” izeneko komunikazioagatik. Adelaida hiritik (Australia) online egin den biltzar batean, XIII International Terroir Congress izenekoan, aurkeztu zuen doktoregaiak komunikazioa, eta José Manuel Torres-Ruiz, Francisco José Abad eta Gonzaga Santesteban Garcíarekin elkarlanean idatzi zuen. Lan horretan, Diana Marínek ondorioztatzen du eroankortasun hidraulikoko neurriak baliagarriak direla antza mahatsondoaren mentuoinaren eta txertoaren arteko konexio baskularrak ebaluatzeko (mentuoina edo patroia oinarria da, sustraien bidez lurretik elikagaiak hartzen dituena; txertoa, berriz, mentuoinari itsasten zaion aldaxka). Ekarpen berria da bioteknologiaren arloan, orain arte ez baita halako ikerketarik egin.

zoom DianaMarín

Diana Marín Ederra, NUPen.

Ikertzaileak azaldu duenez, “mahatsondoaren egurrak gero eta gaixotasun gehiago izaten ditu, eta horrek laburtu egiten du mahatsondoen bizitza. Baliteke txertoaren kalitatearekin zerikusia izatea fenomeno horrek, eta gero eta handiagoa da arazo horren inguruko kezka”. Bada, mahatsondoen bizitza laburtzea eragozteko neurriak bilatu beharra dagoelako egin du, hain zuzen, doktoregaiak ikerketa. Diana Marín Ederrak Clermont-Ferranden (Frantzia) egindako bi ikerketa-egonaldiren emaitza da biltzarrean saritutako komunikazioa. 

Diana Marínen curriculuma eta ikerketa-lerroa

Diana Marín Ederra (Iruñea, 1990) doktoretza-tesia egiten ari da NUPen, Gonzaga Santesteban García irakaslearen gidaritzapean (Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko irakasle eta Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak ikerketa-taldearen arduraduna). Doktoretza-tesiaren gaia mahatsondoaren txerto-landareen kalitateari eragiten dioten faktoreen karakterizazioa da (agronomikoak eta fisiologikoak), baita kalitate hori ebaluatzeko metodo objektibo baten garapena ere. Lehenago, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua eta Ingurumen Agrobiologiako Masterra egin zituen NUPen.

Frantziako Gobernuak hautatu zuen 2018an —bera bakarrik hautatu zuten Nafarroan—, Espainiako beste hamar doktoregairekin batera, Frantziako laborategi batean ikertzen aritu zedin “Make our planet great again” ekimenaren barnean (“Egin gure planeta handi berriro”). “Laboratoire de Physique et Physiologie Intégratives de l'Arbre en Environnement Fluctuant (UMR PIAF)” delakoan egin zuen egonaldia. Laborategi hori Frantziako Ikerkuntza Agronomikorako Institutuaren parte da (INRA, frantsesez), eta Clermont-Auvergne Unibertsitatean dago, Clermont-Ferrand hirian (Frantziako erdialdean). 2019an, beste egonaldi bat egin zuen laborategi horretan bertan, doktoregaientzako nazioarteko mugikortasuneko laguntzen NUPeko deialdiari esker. Gorago esan bezala, bi egonaldietan ikertutakoaren emaitza eman zuen aditzera komunikazioan.