Joan eduki nagusira

Matematikari, logika matematikoari eta fisika matematikoari buruzko “Axioms” nazioarteko argitalpena, zeinaren editore nagusia Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) baita, onartu berri dute “Web of Science” informazio zientifikoko online zerbitzuaren Science Citation Index Expanded (SCIE) delakoan sartzeko. “Mugarri bat” da, Humberto Bustinceren hitzetan, “nazioarteko talentu askoren lankidetzari esker”. 

zoom Axioms

Humberto Bustince, NUPen.

Horrela, urte horretatik aurrera argitaratutako artikuluek eragin indizea izango dute Journal Citation Report-en (JCR), zeina, jakina denez, aldizkarien kalitateari buruzko erreferentziazko rankinga baita. Bestalde, 8. liburukitik (2019) aurrera argitaratutako artikuluak “Web of Science Core Collection” delakoan indexatuko dira. “Axioms” argitalpena sarbide librekoa da,  kidekoen arteko berrikuspena du, eta lau liburuki argitaratzen ditu urtean. Scopus datu-basean ere badago, eta 1,7ko “citescore”a du (aldizkari bateko artikulu berrien aipuen urteko batezbestekoa). 

Kalitatea, lankidetza eta aintzatespena

“Axioms aldizkaria nahiko gaztea da, lehen alea 2012an agertu baitzen. Horregatik oso garrantzitsua da Journal Citation Report-en sartzea lortu izana”, esan du Humberto Bustincek. “Hori lortzeko, alde batetik, frogatu behar da artikuluen argitalpenean kalitate iraunkorra dagoela, eta horrek berrikuspen-prozesu serio eta fidagarria eskatzen du. Gainera, aldizkariak frogatu behar du baduela eragina komunitate zientifikoan, zeinak argitalpen ontzat hartu behar baitu”, dio katedradunak. “Aintzatespen hori hainbat arlotako nazioarteko ikertzaile askoren lanaren eta lankidetzaren bidez soilik egin ahal izan da. Ikertzaile horiek goi-mailako lanak Journal Citation Report-etik kanpoko aldizkari batean argitaratzeko arriskua onartu dute, uste baitute horrela lan horien zabalkunde ona lor daitekeela. SCIEn sartzea kalitatezko lan honen aintzatespena da”, esan du NUPeko katedradunak. 

Egun aldizkari zientifiko hauetako argitalpen batzordeetako kidea da Humberto Bustince: “Information Fusion”, “IEEE Transactions on Fuzzy Systems”, “Fuzzy Sets and Systems”, “Granular Computing” eta “International Journal of Computational Intelligence Systems”. “Mathware and Soft Computing” aldizkariko editore nagusia ere bada.