Joan eduki nagusira

Idoia Labayen Goñi Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzailea jarduera fisikoaren eta osasunaren arloan estatuan nabarmendu diren hamar zientzialarietako bat da, Gaztela-Mantxako Unibertsitateak (UCLM) egindako azterketa baten arabera. Irene Rodríguez Gómez erakunde horretako ikertzaileak zuzendu du azterketa.

zoom IdoiaLabayen

Idoia Labayen, NUPen.

 

Dibulgazio ekimenak Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) babesa du, eta helburu hauek ditu: eskualdean, estatuan eta nazioartean eragin handiena duten ikertzaileak ezagutu eta bereiztea, bokazio zientifikoak sustatzea eta emakumeek zientzian duten ezagutza sustatzea. Hori garatzeko, jarduera fisikoa eta osasuna ikertzen duten emakume guztien Scopus datu-basean argitaratutako lan zientifikoen bilaketa sistematikoa egin da, eta arlo horretako ikerlarien zerrenda zehatza sortu da kategoria bakoitzerako. 

Nazioarteko eta nazioko hamar zientzialari eta maila lokaleko bost daude azken zerrendan. Horietako bakoitzari buruzko fitxa bat sortu da, datu akademikoak, ikerketa-ildo nagusiak eta gizarteari egindako ekarpen zientifiko nagusiak biltzen dituena. Material horrekin, jardunaldiak eta erakusketa ibiltariak egingo dira, eta edukiak nahi dituzten ikastetxeei eskainiko zaizkie. 

Idoia Labayenen CV laburra

Idoia Labayen Goñi NUPeko irakasle titularra da 2017az geroztik. ELIKOS (ELikadura, arIKeta fisikoa eta OSasuna) ikerketa-taldea zuzentzen du, eta Campus Iberus PEANUT Ekintza Taldearen burua ere bada (PErsonAlised NUTrition and healthy lifestyle). 

Esparru nazional eta europarreko ikerketa-proiektuetan parte hartu du eta zuzendu ditu, eta nazioartean aitortutako ospea duten 160tik gora artikulu zientifiko indexatu argitaratu ditu. 2019an, osasun esparruko NAOS Estrategia Saria eman zion Osasun Ministerioak gehiegizko pisua duten adingabeei buruz egindako ikerketengatik. Gaur egun, honako hau da aztergai duen ikerketa-ildo nagusia: etiopatogenia, obesitatearen eta haren komorbilitateen prebentzioa eta tratamendua, batez ere haurren eta nerabeen etapan.

Idoia Labayenek graduko eta masterreko eskolak eman ditu nutrizioaren eta fisiologiaren arloko hainbat irakasgaitan, eta hiru liburu argitaratu ditu euskaraz eta zazpi liburu-kapitulu gaztelaniaz, jatorrizko irakaskuntza-material gisa. Gainera, hezkuntza berrikuntzako bi proiektu zuzendu ditu, graduko ikasleen zeharkako gaitasunak eskuratzeari buruzkoak.