Joan eduki nagusira

Elisa Sierra Hernaiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko irakaslea, Ruth Vallejo Dacosta Zaragozako Unibertsitateko irakaslearekin batera, Thomson Reuters Aranzadik argitaratu duen eta enpresetako berdintasun-planak lantzen dituen liburu kolektibo baten zuzendaria izan da. Sonia Isabel Pedrosa Alquézar Zaragozako Unibertsitateko irakasleak koordinatu du lana, zeinean 26 irakaslek hartu baitute parte, bai aipatutako bi unibertsitateetakoek, bai Madrilgo Carlos III Unibertsitatekoek, baita Euskal Herriko Unibertsitatekoek ere. Nafarroako eta Aragoiko gizarte-graduatuen elkargoek eta NUPeko Generoa, Zuzenbidea eta Gizartea ikerketa-taldeak finantzatu dute.

zoom Autoras y autores

Argitalpenaren egileak. Ezkerretik eskuinera, lehenbiziko lerroan: Rebeca Echávarri Aguinaga, David Delgado Ramos (Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko presidentea), Elisa Sierra Hernaiz, Mercedes Langarica Romero (Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko kudeatzailea) eta Jose Luis Goñi Sein. Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera: Sara Martínez de Moretín, Leticia Jericó Ojer, Lohitzune Zuloaga Lojo, Eliana Alemán Salcedo eta Hugo López López.

Liburuak enpresetako genero-ikuspegiaren inguruko hainbat alderdi jorratzen ditu, eta arreta berezia jartzen du berdintasun-planetan, horiek prestatzea nahitaezkoa dela ezartzen baitu 2019ko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretuak, enpleguren eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzkoak. Lanaren izenburua honako hau da: “Diseño e implementación de planes de igualdad en las empresas. Cuestiones claves”. 

Lan kolektiboan jorratutako gaietako batzuk

Liburuan, besteak beste, enpresaren eremuan berdintasuna sustatzeko premiari heltzen zaio, desberdintasun hori interpretatzeko analisia nola egin planteatzen da, eta kontziliazioa, zaintza edo bestelako kontzeptuak argitzen dira. Gainera, hizkuntzaren eta komunikazioaren garrantzia ere lantzen da, eta emakumeek enpresan duten ordezkaritza txikiari aurre egiteko neurriak edo ekintza positiboak azaltzen dira, jardunbide egokien adibideekin, baita diskriminazioaren arloko jurisprudentzia konstituzionalaren mugarri batzuk eskaini ere. 

Liburuaren hirugarren partean jorratzen diren gaiek lotura estu dute soldata-arrakalarekin, ekintza positiboko tresna gisa balio duten zerga-neurriekin edo PFEZaren aitorpen bateratuaren zerga-araubidea berrikusi beharrarekin. Bestalde, langileak hautatzeko prozesuei, karrera-planei eta lan-osasunari buruz hitz egiten da, genero-ikuspegiarekin betiere, eta berdintasun-planen ezarpenaren ikuskapena ere zehazten da. Azkenik, enpresako sexu-jazarpena eta generoan oinarritutako jazarpena aztertzen dira, bai eta Administrazio Publikoan berdintasun-planak ezartzearen nondik norakoak ere, besteak beste.