Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait ikertzailek “MODULATransProt” proiektua abiarazi berri dute, baratzeko landareen hostoetan (letxugak, zerbak edo espinakak, adibidez) nitratoak metatu daitezela saihesteko eta, horrela, ekoizpen-sistema jasangarrien bidez elikagai osasungarriagoak lortzeko.

zoom Idoia y Alfonso

Idoia Ariz eta Alfonso Cornejo, proiektuaren barnean egindako berotegiaren instalazioan

Gaur egun, arazo bat dago barazki hostodunekin, entsaladetan jan ohi direnekin, ematen zaizkien ongarriak nitrato moduan metatzeko joera baitute, esan du Idoia Ariz Arnedok, proiektuaren ikertzaile nagusia. “Landareek jaten dutenaren parte handi bat, hazteko baliatu beharrean, beren ehunetan pilatzen ari dira erabili gabe. Nitratoen metaketa hori ez da osasungarria guk jateko”.

Ikertzaileak azaldu duenez, helburua da landareek zer-nolako metabolismoa duten eta nitrogeno forma desberdinak nola xurgatzen dituzten ulertu, maneiatu eta modulatu ahal izatea; izan ere, nitrogenoa landareen mantenugai nagusietako bat da. “Zehazki, landareak behar duen nitrogenoaren konbinazio zehatza zein den jakin nahi dugu; landareak bere funtzionamendua erregulatu ahal izatea, eta parte jangarrietan metatzea nahi ez dugun nitrogeno inorganikoa murriztea. Laburbilduz, landareek duten nitrato “despentsa” hori hustu dadin lortu nahi dugu, baina produktuaren hazkundeari, errendimenduari eta kalitateari kalterik egin gabe”.

Nitratoen pilaketaren arazoa 1997tik dago arautua Europar Batasunean, eta indarrean jarraitzen du. MODULATransProt proiektuko ikertzaileek ekoizpen-sistema jasangarri alternatiboak aurkitu nahi dituzte, nitrikoez bestelako ongarri nitrogenatu eraginkorrak dituztenak, giza dietan nitrato gutxiago hartzeko eta barazki % 100 osasungarriak lortzeko.

Proiektuak, gainera, Nazio Batuen Erakundeak pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta oparotasuna ziurtatzeko proposatutako Garapen Jasangarriko Helburuei laguntzen die.

Unibertsitateak eta ikerketa-zentroak

“MODULATransProt” proiektuak hiru urteko iraupena du, eta bertan parte hartzen dute bai Nafarroako Unibertsitate Publikoak –NUPeko ikertzaile gazte bat da proiektuaren buru–, bai Nafarroako Unibertsitateak eta bai Alemaniako eta Portugalgo ikerketa-zentro banak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, proiektua Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan garatzen da, eta bertako ikasleen prestakuntza-eskaintzan integratua dago, gradu amaierako eta master amaierako lanak egiteko eta ikertzaile berrien prestakuntza-gaitasuna sustatzeko.

zoom Idoia Ariz

Idoia Ariz, landareak aztertzen berotegiko mahaietako batean

NUPeko lantaldea honako hauek osatzen dute: Idoia Ariz Arnedo, proiektuaren ikertzaile nagusia, NUPeko Zientzien Sailari eta IMAB ikerketa-institutuari atxikia; Alfonso Cornejo Ibergallartu, Zientzien Saileko irakaslea eta INAMAT2 ikerketa-institutuari atxikia; eta Mikel Rivero Marcos, doktoretzako ikaslea, IMAB institutuari atxikia. Nafarroako Unibertsitatearen aldetik, Rita Yolanda Cavero eta José María García-Mina ikertzaileek osatzen dute taldea; Ingurumen Biologiako Sailekoak dira biak.