Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile batzuek behatoki irrati-astronomiko bat jarri dute martxan Arrosadiko campusean. Irrati-teleskopio bat du oinarrian, astroek igorritako irrati-uhinak hartzeko eta aztertzeko erabiltzen den instrumentua, alegia. Espainiako unibertsitate batean inoiz instalatutako irrati-teleskopio handiena da. 

zoom Radiotelescopio

NUPeko irrati-teleskopioaren proiektua bultzatu duen taldeko kide batzuk instalazioaren ondoan. Diego Chocarro (ikaslea), Abián B. Socorro, David Vesperinas, José Javier Vesperinas, Silvia Díaz, Francisco Falcone, Ekaitz Beraza (ikaslea), Rafael Ruiz, Iban Buldáin (ikaslea), Patricia Yanguas eta Pedro Diéguez.

 

Instalazio hori datorren asteazkenean inauguratuko dute, azaroaren 18an, 11:00etan, Zientziaren Asteen programazioaren barrenean, eta NUPen Kulturako eta Dibulgazioko Youtubeko kanalean ikusten ahalko da inaugurazioa. Horrez gain, bi bisita gidatu eskainiko dira instalaziora bi egun hauetan: asteazkenean bertan, hilak 18, 12:00etan, eta ostegunean, hilak 19, ordu berean. Bost lagun joanen dira bisita bakoitzean, eta maskara jantzia eraman behar dute. Bi kasuetan, aldez aurretik eman behar da izena, eta Sario eraikineko harrera-lekua izanen da abiapuntua. 
 

Behatokia honako hauek aurkeztuko dute: Silvia Díaz Lucas Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasleak, Fernando Jáuregui Sora Iruñeko Planetarioko astrofisikariak eta David Vesperinas Oroz astrofisikari eta Iruñeko Jesuitinas ikastetxeko Fisikako eta Zientzietako irakasleak.

Zientziaren Asteen aurkezpena gaur egin dute Iruñeko Planetarioan, eta sustatzaileak Zientziaren Lagunak elkartea, Planetarioa bera, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea dira.  NUPek diseinatutako programazioan, irrati-teleskopioa inauguratzeaz gain, “3 minutuan” lehiaketaren finala  eta “Yo quiero ser científica” antzezlana eginen dira. Azaroaren 17an eta Planetarioan izanen da antzezlana, eta beteak daude leku guztiak. Zientziaren Asteekin batera eginen dira aurten Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko II. Jardunaldiak ere.

Irrati-teleskopioa nolakoa den

Irrati-teleskopioa 2016an egin zuten NUPeko ikertzaile eta langile astronomiazale batzuek. Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoaren (TIIGMET) laguntza jaso zuten, eta Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoaren praktiketarako etxaldean dago. Proiektuaren bidez, irakaskuntza, ikerketa eta dibulgazioa uztartu nahi dira, eta, horretarako, ikasleak ere inplikatu ikertzaileez gainera (ingeniaritza elektrikoaren, telekomunikazioaren eta informatikaren arloetakoak, esaterako); izan ere, proiektuaren alderdiei buruz egiten ahalko dituzte ikasleek aurrerago gradu edo master amaierako lanak.

Teleskopio konbentzional baten aldean, zeinak argi ikusgaiko irudiak hartzen baititu, irrati-uhinak hartzen ditu irrati-teleskopioak. Zeruko gorputz askok irrati-maiztasuneko erradiazioak igortzen dituztenez, errazago detektatzen dira erradiazio horiek espektro elektromagnetikoaren erradio-eremuan argi ikusgaiarenean baino. Erradiazio horien guztien ikerketari deitzen zaio, hain zuzen, irrati-astronomia. Astronomiaren adar ezezagun horri esker, astronomia optikoaren bidez hauteman ezin diren gorputzak eta egoerak ikus daitezke; adibidez, meteoroak detekta daitezke, galaxien irudiak lortu, eta Jupiterren inguruko leherketak, eguzki fenomenoak eta aurora borealek sortutako soinua entzun.

Irrati-astronomian, seinale onak jasotzeko, antena handiak erabili behar dira, edo antena txikiagoen multzoak, paraleloan funtzionatzen dutenak. Irrati-teleskopio gehienek antena parabolikoa erabiltzen dute uhinak anplifikatzeko. NUPekoak 4,5 m-ko diametroa du, eta 150 kilo inguruko pisua.

Irrati-teleskopioaren proiektuko parte-hartzaileak

Gorago aipatutako Silvia Díaz irakasleaz gain, ikertzaile hauek hartu dute parte: Pedro Diéguez Elizondo eta Rafael Rodríguez Trías (Ingeniaritza Saila), Francisco Falcone Lanas, Rafael Ruiz Feliú eta Abián Bentor Socorro Leránoz (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa eta Komunikazio Ingeniaritza Saila), Jesús Palacián Subiela eta Patricia Yanguas Sayas (Estatistika, Informatika eta Matematika Saila), José Javier Vesperinas Oroz teknikariak ere (Ikerketari Laguntzeko Zerbitzua), bai eta David Vesperinas Oroz irakaslea.