Joan eduki nagusira

Campus Iberus osatzen duten unibertsitateetako (Errioxako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Zaragozako Unibertsitatea eta Lleidako Unibertsitatea) 12 parte-hartzaile lehiatuko dira azaroaren 26an Zaragozan egitekoa den azken fasean. Horietatik, honako hauek dira ikerketa Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten dutenak: María Barco Antoñanzas, Begoña Haro Escribano eta Pedro López Gómez. Lehiaketak doktoretza-tesi baten komunikazio hoberenaren lehen saria ezartzen du, 1.000 eurokoa, eta bi accesit, 600 eurokoa bakoitza.

zoom Tesisen3minutos

Epaimahaikideak eta NUPen egindako lehiaketaren finalaurreko fasean parte hartu dutenak

 

Lehiaketan, prestatzen ari diren ikertzaileei beren doktoretza-ikerketaren gaia 3 minutuan azaltzeko erronka planteatzen zaie, hizkera erraz, ulergarri eta jende guztiak ulertzeko moduko batean. Ikertzaile gazteen lana gizarteari hurbiltzea da lehiaketaren helburua, eta, aldi berean, haiengan zientzia eta teknologia zabaldu eta hedatzeko gogoa piztea.

Finalaurreko epaimahaikideak Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordea, Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendaria, Milagros Vidondo Onda Ceroko kazetaria eta Rubén Marín Errioxako Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren Unitateko arduraduna. Zehazki, NUPeko ikasleak eta azken faserako sailkatu dituen gaia hauek dira: María Barco Antoñanzas, Ingurumen Agrobiologiakoa, “«Amaranthus palmeri» gaiarekin, den-dena jasaten duen belar txar bat"; Begoña Haro Escribano, Osasun Zientzietakoa, “Adikzioa eta tratu txarrak: tratamendu bat erantzun gisa” gaiarekin; eta Pedro López Gómez, Ingurumen Agrobiologiakoa, info.plantas@óxidonitrico.es gaiarekin.

Nazioarteko Bikaintasun Campuseko (Campus Iberus) lau unibertsitateek beren finalerdiak urrian egin zituzten. Aurkeztutako parte-hartzaile guztietatik 12 lehiatuko dira azken fasean, azaroaren 26an, Zaragozako Unibertsitatean. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lehiaketan parte hartu duten 12 ordezkarietatik 3rekin hartuko du parte; Errioxakoak, 9 lehiakideetatik 2rekin; Lleidakoak, 7 parte-hartzailetatik 2rekin; eta Zaragozakoak, 18 parte-hartzaileetatik 5ekin.

Finalistetako batek ezin badu parte hartu, 4 ikasle itxaron-zerrendan daude: Iván Méndez López (NUP), Carlos Blanco Ruiz (Errioxako Unibertsitatea), Rafael Antonio Suárez Mesa (Lleidako Unibertsitatea) eta Nicolás Ignacio Villanueva Martínez (Zaragozako Unibertsitatea).

Lehiatzaileek 3 minutu izanen dituzte honako hauek azaltzeko: zein den bere ikerketaren gaia, zer arazo identifikatu dituzten, bere ikerketak nola laguntzen duen irtenbide bat bilatzen eta nolako eragina izanen duen bere lanak gizartean oro har edo, zehazki, komunitate akademikoan eta ikertzaileen komunitatean.

Azken fasea zuzenean emanen da Internet bidez. Halaber, bideoan grabatuko da, eta lehiakideen parte-hartzeak Campus Iberus-en web orriaren bidez eskuratzen ahalko dira.