Joan eduki nagusira

Nafarroako enpresa familiarrek errentagarritasun handiagoa eta iraupen luzeagoa dute familiarrak ez direnek baino, "Enpresa familiarrek Nafarroako ekonomian duten pisua aztertzeko lanak” ondorioztatzen duenez. Nafarroako Familia Enpresen Elkarteak (ADEFAN) bultzatu du azterlan hori, eta Martín Larraza Quintana, Lucía Garcés Galdeano eta Beatriz Martínez García Nafarroako Unibertsitate Publikoko INARBE Ikerketa Institutuko irakasle eta ikertzaileek egin dute. Zehazki, enpresa familiarren batez besteko errentagarritasun ekonomikoa % 4,53 da, eta familiarrak ez direnena, berriz, % 3,98. Alde hori are handiagoa da tamaina handiko enpresetan, % 7,15 baita, eta familiarrak ez direnetan, berriz, % 4,39.

zoom Autores

De izquierda a derecha, Lucía Garcés, Martín Larraza y Beatriz Martínez, investigadores y autores del estudio

Ikerketa hau NUPen Enpresa Familiarren Katedrak bultzatutako ekimenetako bat da. Katedra hori 2019aren amaieran sortu zen, eta Nafarroako Familia Enpresen Elkarteak (ADEFAN), Familia Enpresaren Institutuak eta Nafarroako Rural Kutxak osatzen dute.

Enpresa familiarrak nagusi dira Foru Komunitateko demografian, enpresa-sare osoaren % 79,46 baitira, eta jarduera sektorial guztietan daude, batez ere lehen sektorean. Pisu ekonomikoari dagokionez, enpresa familiarrek 3.500 milioi eurotik gorako ekarpena egin zioten 2017an Balio Erantsi Gordinari (BEG), hau da, Nafarroan sortutako guztizkoaren % 58, eta 66.556 pertsonari eman zieten lana.

Azterlanean nabarmendu den beste datu positibo bat da enpresa horien iraupena luzeagoa dela Nafarroan; izan ere, 18 urtetik gorako iraupena dute batez beste, eta familiarrak ez diren enpresen batezbestekoa, aldiz, ez da iristen 17 urtera. Gainera, zorpetze-ratio txikiagoak dituzte, % 2,58 % 2,87ren aldean, eta gutxiago erabiltzen dute besteren finantzaketa. Bi arrazoik azaltzen dute autofinantzaketarako joera hori: kontrola mantentzeko nahia, kanpokoekiko konpromisorik gabe, eta besteren finantzaketaren batez besteko kostu handiagoa, % 3,29 familiarrak ez direnen % 2,91ren aldean.

Halaber, azterlanean desberdintasunak ikusten dira giza baliabideen eta baliabide materialen erabileraren eraginkortasunari dagokionez. Alde batetik, enpresa familiarrean langile bakoitzeko produktibitatea txikiagoa da, langile bakoitzak, batez beste, 261.330 euro sortzen baititu urtean. Datu hori 283.292 eurokoa da familiarrak ez direnen artean. Bestalde, eraginkorragoak dira baliabide materialak erabiltzeko orduan: gai dira aktiboko euro bakoitzeko 1.538 euro sortzeko salmentetan, eta familiarrak ez direnak, berriz, 1.457 euro.

Gomendioak

Lortutako emaitzez gain, familiako enpresarientzako zenbait gomendio jasotzen ditu azterlanak. Garrantzitsuena da tamaina handitu behar dutela merkatuan lehiakorragoak izan nahi badute. Zenbat eta handiagoa izan, orduan eta errentagarritasun ekonomiko handiagoa izanen dute eta zorraren batez besteko kostua txikiagoa izanen da.

Belaunaldien arteko transmisioari dagokionez, egindako azterketek erakusten dute lehen belaunaldiko enpresa familiarren errentagarritasun ekonomikoa handiagoa dela bigarren belaunaldiko enpresena baino. Errentagarritasun-galera hori zenbait faktorek eragiten ahal dute. Alde batetik, enpresa asko daude ez dutenak hurrengo belaunaldian enpresa gidatzeko prestasuna eta behar bezalako prestakuntza duen ondorengorik, eta horrek beti sortzen ditu barne-arazoak. Bestalde, kontrakoa ere gertatzen ahal da: enpresako zuzendaritza bi seme-alaben edo gehiagoren esku uztea, eta batzuetan familia-gatazkak, helburu desberdinak edo negozioa kudeatzeko modu desberdinak sortzea. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da ondorengoak lidergorako prestatzea, ez bakarrik prestakuntza arautuaren ikuspegitik, baita esperientziaren ikuspegitik ere. Enpresa familiarra belaunaldiz belaunaldi bizirik mantentzeko, filosofiak etengabeko aldaketan eta ikuspegi globalago eta nazioartekoago batean oinarritu behar du.

Azterlanari buruzko datuak

Ikerketa hau NUPen Enpresa Familiarren Katedrak bultzatutako ekimenetako bat da. Katedra hori 2019aren amaieran sortu zen, eta Nafarroako Familia Enpresen Elkarteak (ADEFAN), Familia Enpresaren Institutuak eta Nafarroako Rural Kutxak osatzen dute. Azterlan honen bidez, enpresa familiarrek Nafarroako ekonomia osoan duten garrantziaren irudi objektiboa eman nahi da, familiarrak ez diren eskualdeko enpresekin alderatuz. Horretarako, SABI datu-basea (Balantze Iberikoen Azterketa Sistema) erabili da. Bertatik, Familia Enpresaren Institutuak proposatutako metodologiari jarraituz, gutxienez 10 langile edo 2 milioiko fakturazioa duten Nafarroako enpresen datu ekonomiko eta finantzario nagusiak atera dira 2008-2018 aldirako.

Enpresa Familiarren Katedrako zuzendaria Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano da, NUPeko Zuzenbide Saileko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titularra. Katedraren helburuen artean daude enpresa familiarrek izaten dituzten arazoei irtenbidea ematea eta akademikoen, enpresarien eta ikasleen topagune bihurtzea, arlo horretako ezagupenak, esperientziak eta kezkak trukatzeko aukera izan dezaten.