Joan eduki nagusira

Nerea Iriarte Gurrutxaga, Pilar Díaz-Usechi García-Granero eta Silvia Díaz de Rada Goñi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzeko nazioarteko programako ikasleak, hautatu dituzte Espainiako unibertsitateetako graduko eta masterreko 600 ikasleren artetik “Acciona Academy” prestakuntza-programan parte hartzeko.

zoom ikertzaileak

Ikasle hautatuak. Ezkerretik eskuinera: Pilar Díaz-Usechi, Silvia Díaz de Rada eta Nerea Iriarte

Programaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta udan egin da. 40 ikasle hautatuek prestakuntza intentsiboa jaso dute lidergoaren, komunikazioaren, talde-lanaren eta ekimenak aurkezteko eta inplementatzeko modu eraginkorren inguruko gaitasunak garatzeko. Gainera, mundu mailako enpresa batek nola funtzionatzen duen ere ikasi dute. 

Balorazio positiboa egin dute ikasleek 

COVID-19ak eragindako egoera dela medio, on-line egin dute aurten programa, gaitasunak lantzeko tailerrak eginez, modu praktikoan ikasiz, desafioei aurre eginez eta tutoretzen bidez. Silvia Díaz de Radak 4. ikasmaila hasiko du ikasturte honetan NUPen, eta balorazio positiboa egin du programaz: “aukera eman dit bizitza pertsonalerako eta profesionalerako baliagarri izanen zaizkigun lezioak modu atsegin eta praktikoan ikasteko, eta nire antzeko kezkak dituzten gazteak ezagutzeko”.

Nerea Iriartek, berriz, 5. ikasmaila hasiko du, eta hau esan digu: “lan-munduan sartzeko bidea izan da programa niretzat. Nire ustez, bada hutsune bat ikasle bizitzatik lan bizitzara, eta nolabaiteko errespetua izan diot beti. Enpresa handi bat barrenetik ezagutzen lagundu dit programak, bai eta enpresa handi orok arlo askotako jendeari esker funtzionatzen duela erakutsi ere”.

Pilar Díaz-Usechik ere 5. ikasmaila hasiko du aurten NUPen, eta nabarmendu du praktikoa izan dela programa, enpresarekiko harreman handikoa, horrek osatu egiten duela Unibertsitateko prestakuntza akademikoa, eta aukera eman diola diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko.