Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea barne hartzen duen Hezkuntzako Dekanoen Konferentziak kanpaina bat abiarazi berri du irakasleei laguntza eta aintzatespena emateko Covid-19ak eragindako osasun-krisian erakutsi duten arduragatik. Konferentziako kideek hezkuntza-maila guztietako irakasleen “eginkizun soziala” nabarmendu nahi izan dute (Haur eta Lehen Hezkuntzako maisu-maistrak, Bigarren Hezkuntzako irakasleak –DBHkoak, Batxilergokoak, Lanbide Heziketakoak eta hizkuntza eskola ofizialetakoak– eta unibertsitateko irakasleak), baita “hain egoera zailean egindako lanagatik aintzatespena eman eta 2020-2021 ikasturtearen hasieran lagundu ere”. 

zoom Cartel de la campaña de apoyo al profesorado

NUPek eta beste unibertsitate batzuek irakasleei babesa adierazteko abiarazi duten kanpainaren kartel bat

Kanpainaren barnean, jarduera batzuk gauzatuko dira heldu den ikasturtean zehar, eta zenbait kanalen bidez emanen da haien berri. Jarduera horien helburua irakasleei hezkuntzako komunitatearen babesa helaraztea da, haiek irudietan islaturiko mezuen partaide eginez. Lehenbiziko ekimena irakasleei egindako ahaleginagatik eskerrak emateko kartelak diseinatzea izan da. Kartel horiek NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen web-orrian kontsultatzen ahal dira, eta ikastegian ere jarriko dira (Iruñeko Arrosadiko campuseko Magnoliak eraikinean).  

Eztabaida-lekua 

Irakasle Ikasketetako eta Hezkuntzako Tituluak dituzten Ikastegietako Dekanoen Konferentziak (Iruñean elkartu zen 2018an, NUPek gonbidatuta) Espainian Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduak eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterra eskaintzen dituzten ikastegi guztiak hartzen ditu barne. Espainiako unibertsitateen artean hezkuntzako titulazioetarako interesgarriak diren gaiei buruzko trukaketa eta eztabaidak bultzatzeko lekua da, erakundearen interesak hobeki defendatzeko xedez. 

Bestalde, NUPeko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, ikasturte honetan, 1.375 ikasle izan ditu matrikulatuak Lehen Hezkuntzako Irakasletzako bi graduetan, Haur Hezkuntzako Irakasletzako beste bietan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzean eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrean. 2020-2021 ikasturtean, gainera, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa ezarriko du Fakultateak.