Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak astelehenean, abuztuak 17, heldu den 2020-2021 ikasturterako matrikula egiteko epea irekiko du, eta irailaren 4ra arte egonen da zabalik. Ikasturtea irailaren 14an hasiko da, eta 1.100 ikaspostutik gora eskaintzen dira 90 ikastarotan baino gehiagotan. Matrikula Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean egiten ahal da, eta egutegi akademikoa webgune horretan bertan kontsultatzen ahal da.  

zoom Ikasleak, klasean

Ikasleak, klasean

Ingelesa, frantsesa, alemana, atzerritarrentzako espainiera eta txinera ikasteko ikastaroak eskaintzen dira. Txinera Zaragozako Unibertsitateko Konfuzio Ikasgelaren bitartez ematen da. Horiez gainera, ingeleseko eta frantseseko azterketa ofizialak prestatzeko lantegiak eta ikastaro espezifikoak ere aurki daitezke eskaintzan. Berritasun gisa, ingeleseko B1 lortzeko hizkuntza gaikuntzako eta orientazioko lantegi bat eskainiko da aurten. B1 maila ezinbestekoa da graduko titulua lortzeko. 

Ikastaroen tipologia unibertsitateko komunitateko talde desberdinek hizkuntza-prestakuntzaren eremuan dauzkaten beharretara moldatzen da. Halaber, ikastaroen diseinuak aukera ematen du hizkuntzen ikasketa norberaren neurrira, beharretara eta mailara egokitzeko, komunikazioa eta parte-hartzea errazten duten eta, azken batean, hizkuntzaren komunikazio gaitasunean benetan aurrera egiteko bidea ematen duten metodoen bitartez. 

Ikastaroak unibertsitateko komunitateko kideentzat eta kanpokoentzat 

Ikastaroak denentzat dira: bai unibertsitateko komunitateko kideentzat (graduko edo graduondoko ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak), bai NUPeko tituludunentzat, bai eta Unibertsitatekoak ez direnentzat ere. Unibertsitateko ikasle ohiei eta adiskideei zuzendutako A3U Programan izena emana duten kideek –inskripzioa doakoa da– deskontu bereziak dauzkate. 

Ikastegiko ikasle berriek, hizkuntza bat ikasi nahi eta aldez aurretiko ezagutzak badituzte, beren maila egiaztatu beharko dute, dela egiaztapen ofizial baten bidez, dela ikastegian bertan proba bat eginez (Arrosadiko campuseko Sario eraikina, Iruñea). Proba hori egin ahal izateko,  aldez aurretik izena eman behar da, astelehenetik ostiralera, goizez abuztuan eta goizez eta arratsaldez irailean, abuztuak 17an, astelehena, hasita. Ingelesaren kasuan ordenagailu bidezko galdetegi bat eta idazlan bat egin behar dira, eta frantsesaren eta alemanaren kasuan, berriz, proba idatzi bat. 

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia 

NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegia duela 20 urte baino gehiago ari da hizkuntzak irakasten. Denbora horretan guztian, 28.000 ikasletik gora izan dira bertan. Gainera, akreditatutako zentro aztertzailea da honako hauen azterketa ofizialetarako: Cambridge eta TOEFL iBT (ingelesa), DELF-DALF (frantsesa), DELE (gaztelania) eta CCSE (nazionalitate espainiarra eskuratzea) eta HSK (txinera). 

Gainera, ikasleek multimedia baliabideen zentrorako sarbidea dute. Eskaintzen dituen baliabideen bidez modu autonomoan lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago zentro hori (multimedia softwarea, kontsultarako materiala, liburuak, aldizkariak eta filmak maileguan hartzeko zerbitzua). 

Ikastaro eta zerbitzu horiei buruzko argibide guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren webgunean kontsultatu daitezke, eta, orobat, 948 169791 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara mezu bat igorrita: centro.idiomas@unavarra.es