Joan eduki nagusira

Esperanza Bausela Herreras Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileak “BRIEF-P: Trastornos por Déficit de Atención Hiperactividad versus Trastorno del Espectro Autista” izeneko artikulua argitaratu du “Revista de Psiquiatría Infanto-juvenil” aldizkariko martxoko zenbakian. Artikuluan, ADHNa duten haurren (arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua) eta AENa dutenen (autismoaren espektroko nahasmendua) “funtzio exekutiboak” konparatzen dira. Haurren familiakoek eta eskolako irakasleek ebaluatu dituzte funtzio horiek BRIEF-P izeneko galdetegi moduko baliabide batekin. Guztira, 2 urtetik 5 urte eta 11 hilabetera bitarteko 56 haurrek hartu dute parte, bai eta haien 25 gurasok ere.   

zoom UPNA

NUP

Ikertzaileak dioenez, funtzio exekutiboen nahasmenduak bi gaixotasun horiek dituzten haurrek izaten ahal dituzte, hau da, garapenari lotutako zeharkako gaitasun (kognitibo eta emozional) batzuen nahasmenduak. Esperanza Bauselaren esanean, “ADHNak eta AENak badituzte zenbait alderdi komun, eta, beraz, dagoeneko ez dute balio kategoria diagnostiko itxiek, ez baitira nahikoa baliagarriak esku-hartze psikopedagogikorako”. Hori dela eta, “ez zaio hainbesteko garrantzia eman behar etiketari; aitzitik, umeak urritasuna zein funtzio exekutibotan duen ikusi behar da, eta alderdi hori tratatu”. Ikerketa egiteko erabilitako BRIEF-P izeneko galdetegia NUPeko ikertzaileak lagundu du gaztelaniara egokitzen. Ikerketan ondorioztatu denez, baliabide hori “ADHNa edo AENa duten haurren gurasoek eta eskolako irakasleek erabil dezakete umeen funtzio exekutiboak ebaluatzeko prozesuan”. 

Esperanza Bauselak azaldu du diferentzia nabarmenak daudela nahasmendu baten edo bestearen artean, baina batzuetan bi taldeetakoek izaten dituztela zailtasun jakin batzuk eta komorbilitatea ere gertatzen dela (pertsona berak bi gaixotasunak izatea). Diagnostikoa egiteko BRIEF-P galdetegiak honako funtzio exekutibo hauetan haurrek arazorik ba ote duten ebaluatzen du: inhibizioa (bulkadak eta jokabidea kontrolatzea), malgutasuna (jarduera batetik beste batera aldatzeko gaitasuna), emozioen kontrola, laneko oroimena (informazioa buruan gordetzea lan bat egiteko edo erantzun ona emateko) eta, azkenik, planifikazioa eta antolamendua (gertaerei edo etorkizuneko ondorioei aurrea hartzeko gaitasuna). 

Ikertzailearen curriculum laburra 

Esperanza Bausela Herreras Psikologiako eta Hezkuntzaren Zientzietako doktorea eta Psikopedagogiako lizentziaduna da —bi tituluak Leongo Unibertsitatean eskuratuak—, eta, halaber, Hezkuntza Berezian espezializatutako irakaslea —Valladolideko Unibertsitatean—. Master bat baino gehiago ditu, baita graduondoko ikasketak ere, gaitasun handiak edo ADHN dituzten ikasleen arretari, diagnostikoari eta haiekin izan beharreko esku-hartzeari buruz, eta aniztasunaren arretari eta hezkuntza inklusiboari buruz. 

Bere ikerketa-lerroak hauek dira: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako funtzio exekutiboak, eta irakurketa, matematika eta zientzia gaitasunetako errendimendua PISA txostenetan. NUPeko Psikologia Klinikoko eta Psikopatologiako ikerketa-taldeko kidea da.