Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen bitartez, “Huarte de San Juan. Filologia eta hizkuntzaren didaktika” aldizkariaren zenbaki berri bat argitaratu du (19.a). Azken argitalpen honen zuzendariak María Camino Bueno Alastuey, Orreaga Ibarra Murillo eta Magdalena Romera Ciria NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak izan dira, Gizarte Ikerketa Aurreraturako Institutukoak (I-COMMUNITAS). Aldizkaria dohainik jaso daiteke Unibertsitateko “Academica-e” online erakunde-biltegiaren bitartez.

Zenbaki hau osatzen duten zortzi artikuluek (haietako hiru ingelesez daude idatziak) askotariko gaiak lantzen dituzte, hala nola ingelesaren ikaskuntza eta hizkuntza horren lexikoaren jabekuntza, espainiera atzerriko hizkuntza gisa irakasteko metodologiak eta espainieraren gramatika unibertsitate mailako ikasle frankofonoentzat.

Artikuluei buruzko zenbait xehetasun

Alde batetik, Mª Camino Bueno Alastuey eta David Navarro García irakasleek, “The effectiveness of translation, image-based and video-based methodologies for receptive and productive vocabulary adquisition” artikuluan, ingelesaren lexikoa bereganatzeko hiru metodologia alderatu dituzte (itzulpena, irudiak eta bideoak), 12 eta 15 urte bitarteko 52 ikaslerekin erabilitakoak. 

Bestetik, Mª Camino Bueno Alastueyk bigarren artikulu bat idatzi du aldizkarirako, Sheila Rodero Albaiceta ikertzailearekin batera, “The effects of using collaborative writing vs. peer review treatments on subsequent individual writings” izenekoa. Lan horretan, lankidetzako idazketaren eta parekoen arteko zuzenketaren ondorioak aztertu ditu ingeleseko erdi mailako hogeita hamarren bat ikasleren idazlanetan. 

Aldizkariaren zenbaki honetan, halaber, Luis Carrillo y Sotomayor poetaren “Divino y claro cielo” abestiaren azterketa egin du Lucía Cabrera Romerok (Kordobako Unibertsitatea). Bestalde, Patricia Fernández Martín Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak proposamen didaktiko bat plazaratu du espainierako C1 maila duten unibertsitate mailako ikasle frankofonoei hizkuntza horren gramatika historikoa irakasteko, eta Angélica García Mansok (Extremadurako Unibertsitatea), berriz, Pertseo heroiaren mitoak Espainian XXI. mendean argitaratutako haur eta gazte literaturan nolako trataera izan duen aztertu du. 

Horretaz gain, Anja Grimm ikertzailearen artikulu batek (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazional, UHUN) espainiera atzerriko hizkuntza gisa irakastearren telenobela mexikarrak baliabide didaktiko moduan erabiltzeko aukera proposatzen du, eta Jean Mathieu Tsoumouren ikerlanak (Kanarietako Europar Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea), berriz, Congo-Brazzavilleko biztanleek Facebooken izaten duten interakzioa aztertu du, sare sozial horretako 262 eguneratze analizatuz. Azkenik, Yenny Esmeralda Urrego Jiménez eta Andrés Felipe Aguirre Abril ikertzaileen ikerlanak (Caro y Cuervo Institutua) azterketa orokor bat egiten du Kolonbiako Bogotá hirian espainiera atzerriko hizkuntza gisa erakusten duten irakasleen identitate dialektalari, jarrera linguistikoei eta irakaskuntzako jarduerei buruz.