Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 15 proposamen hautatu ditu 2020ko Kultura Proiektuen deialdian. Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak antolatu du deialdia Kulturako eta Kiroletako Unitatearen bidez, eta sariketaren ebazpena joan den urtearen bukaeran eman zen ezagutzera. Deialdiaren helburua Unibertsitateko komunitateko kideen ekintzak saritzea da (ikasle, irakasle, ikertzaile eta AZLenak), ikasturte honetan erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartera hurbiltzera bideratutako ekimenak hain zuzen.

Hona hemen zer proiektu saritu diren eta nork aurkeztu dituen: Francisco Javier Sanz Moralesen “Ibilbide geologikoak Nafarroan barrena”; Maider Pérez de Villareal Zufiaurreren “Ingurumen Hezkuntza Sustatzeko Film Laburren CO2-FEA Lehiaketa”; José F. Alenza Garcíaren “Literatura topaketa”; Amalia Menéndez Fanoren, Héctor Odín Fernández Bahilloren eta Itziar Pérez de Cirizaren “Musika emozioaren takigrafia da”; Silvia Díaz Lucasen “Paseo bat irrati-astronomian barrena”; Susana Berdonces Evoraren “Fuga de Ezcaba 1938 Ezkabako ihesa”; Julen Llorens Espadaren “Mikrokontakizun Juridikoen V. Kafka Saria”; Ana Aliende Urtasunen “Henri Lenaerts-en enbaxadoreak NUPen”; Julián José Garridoren “Henri Lenaerts Argazkigintzako I. Lehiaketa”; Ricardo San Marín Murugarrenen “Sonor izart3”; Paolo Scottonen “Filosofiaz irakurtzeko eta idazteko laborategi didaktikoa” eta “Zinema eta Hezkuntza II”; Igor Sáenz Abárzuzaren “Hitzak kantuan aritzen direnean: kantu kontari”; Óscar Julen del Río Gómizen “NUP Scape Room”; eta Sonia Huarte Lázaroren “Erizaintza zineman”.

Proiektuak aukeratzeko, zenbait balio sustatzeko zenbateko gaitasuna duten hartu da kontuan, hala nola sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, dibertsitatea, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, jasangarritasuna eta, oro har, ingurunearekiko ardura bultzatzeko ahalmena. Proiektuek zer eduki dituzten eta noiz egingo diren jakin nahi izanez gero, sartu Unibertsitatearen webgunean edo jarri harremanetan Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin (948 16 84 78 telefonora deituz edo actividades.culturales@unavarra.es helbide elektronikora idatziz).

zoom Iñigo de Carlos (izda.) y David Garciandía

Proiektu saridunetako batzuen ordezkariak. Ezkerretik eskuinera, atzeko lerroan: Ricardo San Martín eta Myriam Úriz Labiano (“Sonor izart3”). Ezkerretik eskuinera, aurreko lerroan: Amalia Menéndez Fano, Silvia Solana Moreno, Maider Martínez Balerdi eta Sara Mena Bueno, Héctor Odín Fernández Bahillo, Laura Urriza San Martín eta Itziar Pérez de Ciriza Macaya (musika), Igor Sáenz Abárzuza (“Hitzak kantuan…”), Silvia Díaz Lucas (irrati-teleskopioa), Francisco Sanz Morales (ibilbide geologikoak), José A. Alenza García (literatura), Maider Pérez Villareal (film laburrak), Paolo Scotton (filosofia), Susana Berdonces Evora, Ana Aliende Urtasun eta Julián José Garrido Segovia (azken biak, Henri Lenaertsen inguruko proiektuak).

Informazio gehiago proiektu saridunetako batzuei buruz

Saritutako proiektuetako zenbait aurreko urteetan ere egin dira, esaterako literatura topaketak, “Zinema eta Hezkuntza” zikloa eta Kafka Saria, zeinak bosgarren edizioa baitu aurtengoa; beste zenbait, aldiz, berriak dira. 

“Hitzak kantuan aritzen direnean: kantu kontari” ekimenean, NUPen 25. urteurreneko lehiaketa irabazi zuten 10 mikrokontakizunak taularatzeko proposamenak landuko dira. “Sonor izart3” proiektuaren bidez, elkarlanean jarri nahi dira zientzialariak eta zenbait arlotako artistak, 3Dko audioarekin esperimentatzeko soinu instalazio bat sor dezaten elkarrekin. “Paseo bat irrati-astronomian barrena” ekimenak irrati-astronomia emango die ezagutzera eskolako umeei eta publiko orokorrari.

Bestalde, “Ibilbide geologikoak Nafarroan barrena” ekimenean, irtenaldiak egingo dira martxoko larunbat guztietan eta apirileko lehenbizikoan ondare natural hori ezagutarazteko. “Musika emozioaren takigrafia da” izeneko proiektuak zinema, musika eta literatura uztartzen ditu; izan ere, Henri Lenaerts ardatz duten ekimenak belgikar artista ezagutzera eman nahi dute Unibertsitateko komunitateko kideen artean. Halaber, “Ingurumen Hezkuntza Sustatzeko Film Laburren CO2-FEA Lehiaketak” aukera ematen du arlo horretako proposamenak aurkezteko; 3-10 minutuko filmak aurkeztu behar dira, Unibertsitateko komunitateko kideek berek eginak, eta assana.upna@gmail.com helbidera bidali behar dira apirilaren 3a baino lehen.

“Ezkabako ihesa” ekimenean, zenbait ibilbide egingo dira maiatzean, 1938an San Kristobaleko gotorlekutik ihes egin zuten gizonen arrastoari segika. “Filosofiaz irakurtzeko eta idazteko laborategi didaktikoa” otsailean egingo da. Testu filosofikoak irakurriko eta idatziko dituzte zenbait arratsaldez, eta paolo.scotton@unavarra.es helbidera idatzi behar da izena emateko. Azkenik, “Musika emozioaren takigrafia da” liburu eta filmen bilduma bat da, musikak uztartzen ditu obra guztiak, eta NUPeko Liburutegian eskuratu daitezke. Ekimen horri amaiera emateko, kontzertu bat egingo du NUPeko Ganbera Taldeak.