Joan eduki nagusira

Massachusettseko Institutu Teknologikoak (MIT) taka-taka adimendun baten proiektuan aholku emango du.  DARWIN Biomedical enpresa ari da proiektua garatzen, hots, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Tuterako campusean duen 'start-up' enpresa bat. Hala zehaztu zen Nafarroako talde ekintzaileak berriki Bostonera (aipatutako institutuaren egoitzara) egindako bidaia batean, nazioarteko lehiaketa batean parte hartzeko proiektu gisa hautatu baitzuten, Estatu Batuetatik, Txiletik, Israeldik, Espainiatik, Kanadatik eta Portugaletik etorritako beste 12 talderekin batera. Berrogeita hamar pertsonak hartu zuten parte lehiaketan.

Lan-jardunaldietan, Nafarroako enpresaren ordezkariek (Adrián Jiménez Loygorri, Iván Aguirre Calavia, José Ramón Alfaro López eta Luis Miguel Calvo Herrero) beren MODEL1 taka-taka adimendunaren proiektuaren defentsa egin zuten (Adrián Jiménez Loygorriren Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako gradu amaierako lanetik sortua) profesionalen diziplina anitzeko talde baten aurrean (medikuak, ekintzaileak, enpresaburuak eta inbertitzaileak), eta hurrengo sei hilabeteetan egin beharreko urratsak ezarri ziren. Programaren amaieran, Nafarroako taldeak aitorpena eta diploma jaso zituen. 

Adrián Jiménez Loygorrik azaltzen duenez, bidaia oso emankorra izan zen eta harreman baliotsuak egiteko balio izan zuen: “Bi bilera izan genituen Bostongo beteranoentzako ospitalegune batean, zehazki West Roxbury Campusean. Han elkartu ginen gure aholkulari amerikar batekin, Stephan Gaedhe doktorearekin, Bostongo beteranoentzako ospitaleetako larrialdietako zuzendariarekin, eta Lynn Burns-ekin, West Roxbury Campuseko fisioterapia- eta errehabilitazio-zerbitzuko zuzendariarekin, zeina oso interesatua agertu baitzen gure gailuan eta epe laburrean lan-fluxuan integratu nahi zuela esan zigun”. 

 

zoom Darwin Biomedical

Ezkerretik eskuinera: Mercedes Balcells (programaren zuzendaria), Martha Gray (programaren zuzendarikidea), Jesús Cornago (diseinu ingeniaria DARWIN enpresarako), Alberto Estella (diseinu ingeniaria DARWIN enpresarako), Iván Aguirre (DARWIN enpresaren sortzaileetako bat eta enpresa horretako ingeniari elektronikoa), Adrián Jiménez (DARWIN enpresaren sortzaileetako bat eta enpresa horretako industria diseinuko ingeniaria), Nancy Levy (Osasuneko Berrikuntzako kudeatzailea MITerako). Makurtuta: Javier Saso (ikerketa eta dokumentazio arloko laguntzailea DARWIN enpresarako)..

Taka-taka eta DARWIN Biomedical

Taka-taka adimendunak, MODEL1 izenekoak, “erabiltzaileak erorketetatik babesten ditu eta haien beharretara egokitzen da denbora errealean”, Adrián Jimenezen arabera, eta erabiltzaileen benetako beharrak kontuan hartuta hobetu da. Horretarako, hainbat paziente-elkarterekin jarri dira harremanetan taldekideak.

DARWIN Biomedical 'start-up' enpresa NUPen Tuterako campuseko laborategietan dago, eta ingeniaritza medikoan dihardu, zehatz-mehatz, gailu biomedikoak diseinatzen eta garatzen (ingelesez, "medical devices"). "Orain, proiektuaren inkubazio-fasea bukatzen ari gara, hau da, proiektua borobiltzeko prestakuntza jasotzen, CEINen (Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroa), NUPen OTRIren (Ikerketa Transferitzeko eta Aitortzeko Bulegoa) eta DARWIN Biomedical beraren artean sinatutako hitzarmen baten bidez", esan du Adrián Jiménezek.

Horretaz gainera, Impulso Emprendedor lehiaketaren zazpigarren edizioan ere hartuko du parte proiektuak, hau da, Nafarroan enpresa berritzaileen sorrera bultzatzearren Nafarroako Gobernuak CEINen bidez martxan jarritako programan (Nafarroako Berrikuntzaren eta Enpresen Europar Zentroa).