Joan eduki nagusira

zoom Jacobo Compains Clemente, NUPeko doktore berria

Jacobo Compains Clemente, NUPeko doktore berria

Jacobo Compains Clemente (Iruñea, 1990) Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Abokatutzarako Sarbidean unibertsitate masterduna. Ingurumen-kalteari buruzko Espainiako araudian zenbait doikuntza egitearen aldeko apustua egin du, “hutsune handiak dituelako erantzukizun sisteman”, eta “ingurumen-kalte orori irtenbidea aurkitzeko Administrazioak duen rol aktiboa sustatzeko xedez, betiere herritarren kontrolpean”. Hala jaso du Jacobo Compainsek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Hartan, azpimarratu du konpondutako ingurumen-kalte kasuen erregistroan lehen postuetan dauden Europako herrialdeek bi alderdi hauek uztartzen dituztela: alde batetik, Administrazioak betebeharra duela ingurumenaren leheneratzea bermatzeko, eta, bestetik, herritar orori aitortzen diotela jarduteko legitimazioa. Hala egiten dute, besteak beste, Polonian eta Hungarian.

Doktore berriak bere tesian defendatzen du ingurumen-kalteen arazoa “gure garaiko erronka garrantzitsuenetakotzat jo behar dela”. “Egitate horri aurre egiteko balio izan duten teknika juridikoak prozesu baten barnean garatu dira, hain zuzen Europako 2004ko Zuzentarauaren eta Ingurumen Erantzukizunari buruzko 2007ko Espainiako Legearen onespenarekin amaitu zen prozesu baten barnean” —adierazi du Jacobo Compainsek, tesiaren zuzendari gisa José F. Alenza García Zuzenbide Saileko irakaslea eta NUPeko Smart Cities (ISC) Institutuko ikertzailea izan duenak—. Hala, ingurumen-krisia horren larria den gizarte testuinguru honetan, ingurumen-kalteari aplikatutako erantzukizun juridikoa oso erreakzio tresna garrantzitsua da Administrazioarentzat eta herritarrentzat.

Izan ere, ikerketa honen egileak ingurumen-erantzukizunaren sistemaren barnean Administrazioak duen rol aktiboa hartu du ardatz. “Herritarrei dagokie kontrol eraginkorra egitea, ingurumen-kalte orok irtenbide bat izan dezan, baita ardura nork duen argi ez dagoenean ere”, gehitu du.

Ingurumen-kalte zurtzak

Hala, ikertzaileak ikusi du “hutsune handiak daudela erantzukizun sisteman, eta, horrek, kalte zurtzak agertzea eragiten duela. Horien aurrean ezin da ingurumen-erantzukizuna aplikatu kaltea konpontzeko, eta, aplikatzen bada ere, ez du eraginkortasun praktikorik”. “Hiru izan daitezke horren arrazoiak: ez da ezagutzen kaltea eragin duen subjektuaren identitatea; kaltearen egilea ezaguna da, baina ez du erantzukizun juridikorik; edo kaltearen egilea ezaguna da eta zehaztu daiteke bere erantzukizuna, baina kaudimengabea da”, adierazi du bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesiaren egileak.

Aditu honen arabera, “harreman triangeluarra dago kaltea eragin duenaren, Administrazioaren eta herritarren artean, eta harreman hori ez da perfektua; izan ere, Administrazioak ez ditu beti erabiltzen kalteari aurre egiteko dituen eskumenak, dela kaltea konpontzera behartuz, dela zuzenean esku hartuz; herritarren aldetik, berriz, gerta daiteke praktikan baliabiderik ez izatea Administrazioaren esku-hartzea eskatzeko”.

Hori guztia dela eta, Jacobo Compainsek irtenbide gisa proposatzen du “arauak doitzea ingurumen-erantzukizunaren eraginkortasuna bere alderdi aktibotik dinamizatzeko, herritarren parte hartzeko aukerak sustatuz, eta, aldi berean, Administrazioak kalteari aurre egiteko dituen eskumenak arautuz”.

Curriculum laburra

Doktore titulua eskuratu aurretik, Jacobo Compainsek Zuzenbideko Lizentzia eta, ondoren, Abokatutzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra egin zituen NUPen. Tesia egiten ari zen bitartean, bi sari jaso zituen: Doktoregaien Saria Poster Hoberenari, 2017an egin ziren Campus Iberuseko IV. Doktoretza Jardunaldietan; eta Biozuzenbideari eta Ingurumenari buruzko Komunikazio Hoberenaren Saria, Murtziako Unibertsitateko Biozuzenbidearen, Etikaren eta Osasunaren Ikerketa Zentroak emandakoa, Murtzian 2016an egin zen Biozuzenbideari buruzko Nazioarteko IV. Biltzarrean.

Doktore berriak sei bat ikerketa artikulu idatzi ditu, baita biltzar zientifikoetarako komunikazioak eta posterrak ere. Gainera, ikerketa egonaldi bat egin zuen Alacanteko Unibertsitatean.