Joan eduki nagusira

zoom Federico Bolado Concejo.

Federico Bolado Concejo.

Federico Bolado Concejo digestio aparatuan espezialista den medikuak eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileak (IdiSNA) duela gutxi defendatu du bere doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Tesiak aztergai ditu pankrearen funtzio exokrinoa (heste meharrean elikagaiak digeritzen laguntzen dute pankreako entzimek funtzio horren bidez) eta organo horren morfologia (egitura) 1 motako diabetesa duten gaixoetan. José Manuel Zozaya Urmeneta Nafarroako Ospitaleguneko Digestio Aparatuko Zerbitzuaren zuzendariak zuzendu du ikerketa. Kalifikaziorik onena lortu du tesiak: bikain “cum laude”.

            Tesiaren edukia ulertzeko, kontuan eduki behar da pankrea bi funtzio dituen organo bat dela: funtzio endokrinoak (hormonek betetzen dituzte, hala nola intsulina, eta horren gabezia da diabetesa eragiten duen arrazoi nagusia) eta funtzio exokrinoak, lehen deskribatutakoak. Pankrean azken funtzio horretaz arduratzen den hantura kronikoari pankreatitis kronikoa esaten zaio, eta, tesiaren egileak dioenez, ikerketa batzuen arabera, bazitekeen gaixo diabetikoek funtzio hori kaltetua izatea modu sekundarioan. “Hori agerikoagoa zen 1 motako pertsona diabetikoetan. Gaixo horietan hanturazko prozesu autoimmune batek eragiten du intsulina gabezia”. “Orain arte eskura zeuden datuak ez zetozen bat eta interpretatzeko zailak ziren, teknika bakar baten erabileran oinarritzen baitziren funtzio exokrinoa balioesteko”, esan du Federico Boladok.

            Hori dela-eta, 1 motako pertsona diabetikoak aztertu zituen ikerketak: funtzio exokrinoa gorozkien lagin baten eta hatsaren test baten bidez aztertu zen, eta pankrearen ekografia ekoendoskopia baten bidez (ekografia eta endoskopia uztartzen dituen proba). Horretaz gainera, gaixoen nutrizio-egoera aztertu zen eta pankrea exokrinoaren funtzionamendu txarrarekin lotu ohi diren sintomez galdetu zitzaien.

Bat ez datozen emaitzak bi probetan

Federico Boladok azaltzen duenez, “gorozkiekin egindako proba ez zen normala gaixoen erdietan ia, baina, ezagutzen ziren datuen arabera, beste proba normala izan zen gehienetan. Egiturari dagokionez, gutxi-gehiago heren batek nahasmenduak zituen pankrean, pankreatitis kronikoa duten gaixoen nahasmenduen antzekoak”.

Probaren aurkikuntzekin jarraituz, nutrizio-gabezia batzuk atzeman ziren sarri; esaterako, proteina batzuetan eta bi bitaminatan (A eta D), baina gabezia horiek ez ziren garrantzitsuak itxura batean. “Ez zen aurkitu populazio orokorrean baino sintoma gehiago. “Bitxia bada ere, funtzioan eta egituran zeuden nahasmenduak ez zetozen bat gaixo beretan, eta nutrizio gabeziak ere ez ziren sarriago gertatu funtzioan edo egituran nahasmenduak zituztenetan”, azaldu du tesiaren egileak.

Ikerketaren emaitza da 1 motako diabetikoek sarri nahasmenduak dituztela funtzio exokrino pankreatikoko proba batzuetan eta aldaketak pankrearen egituran, baina, pankreatitis kronikoa duten gaixoetan ez bezala, aldaketa horiek ez dakarte berekin nutrizio nahasmendurik edo sintomarik. “Beraz, funtzio exokrino pankreatikoaren test nahasi baten edo 1 motako diabetiko baten pankrearen morfologiako aldaketen aurrean, zuhurtziaz jokatu behar da ez baitu esan nahi benetako pankreatitis kronikoa duenik”, argitu du NUPeko doktore berriak.

Doktoretza tesiaren egilearen CV laburra

Federico Bolado (Valladolid, 1970) Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da Valladolideko Unibertsitatean, eta digestio aparatuan espezialista MIR prestakuntzarekin Madrilgo San Carlos Ospitale Klinikoko Digestio Aparatuaren Zerbitzuan.

Digestio aparatuko mediku ondokoa izan zen Tortosako Verge de la Cinta Ospitalean (1999tik 2004ra), Hospital Calahorra Fundazioan (2005tik 2007ra), Nafarroako Ospitalean (2007ko otsailetik 2008ko abuztura bitartean) eta Palentziako Río Carrión Ospitalean (2008ko abuztutik abendura bitartean). Data horretatik gaur arte, digestio aparatuko mediku ondoko aritu da lanean Nafarroako Ospitalegunean, non Patologia Biliopankreatikoko Atalaren burua baita 2018ko uztailaz geroztik.

Berrogeita hamarretik gora komunikazio aurkeztu ditu bai Espainiako bai nazioarteko espezialitateko biltzarretan, 25etik gora artikulu idatzi ditu beste egile batzuekin batera espezialitateko aldizkarietan (Espainiakoak eta nazioartekoak) eta kapitulu baten egilea da espezialitateko bi liburutan. Horretaz gainera, Pankreatologiako Espainiar Elkartearen presidentea da 2017az geroztik, eta, zenbait erakunderen artean, Nafarroako Zaintza Farmakologikoko Aholkularitza Batzorde Teknikoko kidea 2010etik. Digestio patologiari buruzko biltzarrak ere antolatu ditu. Nafarroako Unibertsitateko Medikuntzako irakasle elkartua ere bada.