Joan eduki nagusira

zoom Iñigo Mugueta irakaslea, eskola ematen Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterreko ikasleei.

Iñigo Mugueta irakaslea, eskola ematen Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterreko ikasleei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterreko hogei ikaslek lantegi batean hartu dute parte iraganean girotutako bideo-jokoak erabiltzen ikasteko, haiek Historia erakusteko baliabide ona direlakoan. Iñigo Mugueta Moreno NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta ikertzaileak eman du ikastaroa, jokoa Bigarren Hezkuntzan sartu nahian, “potentzialtasun didaktiko handia” baitu haren ustez.

“Lantegiak hauxe du helburua: frogatzea estrategia historikoko bideo-joko batek, Europa Universalis IV izenekoak esaterako, nola laguntzen ahal dien ikasleei pentsamendu historikoaren zenbait gaitasun eskuratzen —azaldu du Iñigo Muguetak—. Horrela ulertuta, jokatzea edo dibertitzea ez da ikastearen etsai, baizik eta jarduera bateragarriak. Jokoa erabiltzeko, jakina, zenbait ekintza osagarri beharko dira, eta haiek bide izanen dira jokalari ere baden ikasleari, ohartuki, hitzez eta modu ordenatuan, jokoan bereganatu dituen ezagutzak azal dakizkion”.

Baliabide didaktiko “bikaina”

Geografia eta Historiaren Ikaskuntza eta Irakaskuntza izeneko irakasgaiaren ikasleak —modulu haietako bat Iñigo Muguetak ematen du, eta Ana Mendióroz Lacambra irakaslea da arduraduna— “Historia eta Bideo-jokoak” ikerketa-proiektuaren edukiaz baliatzen dira, aipatu irakasleak hartan hartzen baitu parte. Horri esker, gerora Bigarren Hezkuntzako irakasle izanen direnek hobeki ulertzen ahal dute “jokoa baliabide didaktiko paregabea izan daitekeela, betiere baldintza jakin batzuekin eta oinarri didaktiko argi batzuekin erabiliz gero”.

Izan ere, ikasleek, bideo-jokoei buruzko lantegi honi esker, praktikan jarri dituzte jokoei eta ikaskuntzari buruz landutako edukiak: gamifikazioa, joko serioak, (bideo-)jokoetan oinarritutako ikaskuntza eta jokoen diseinua.

zoom Bideo-jokoaren pantailetako bat (Erdi Aroko Nafarroako Erresuma duena gai nagusia).

Bideo-jokoaren pantailetako bat (Erdi Aroko Nafarroako Erresuma duena gai nagusia).

“Bai psikopedagogoek bai Didaktikaren espezialistek behin eta berriz adierazi dutenez, jokoak potentzialtasun didaktiko handia du —esan du Iñigo Muguetak—. Potentzialtasun horrek bi iturri ditu: ikasleak motibatzeko gaitasuna, eta erabakiak hartzeko askatasuna, biak eskaintzen baititu jokoak. Izan ere, jokoan erroreak ez du egiazko ondoriorik, eta, horregatik, hanka sartzeko beldurra galtzen du jokalariak. Dena dela, teoriaz haratago, garbi dago jokoak, baliabide didaktiko gisa, zabaldua dagoen kontzepzio bat duela kontra, gizartean antagonistatzat hartzen baitira jokoa eta lana. Egia esan, lana zerbait positibotzat hartzen da, eta eginahalarekin, erantzukizunarekin eta produktibitatearekin dago lotua. Jokoa, aldiz, kontrakotzat hartzen da maiz: patxadarekin, ardura faltarekin eta produkzio eskasarekin loturik agertzen da. Ondorioz, asko izanik ere Haur Hezkuntzan jokoan oinarrituak dauden estrategia didaktikoak, ikasleen adinak gora egin ahala gero eta arraroagoa da haren erabilera, eta, egia esan, desagertu egiten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta, nola ez, unibertsitatean”.