Joan eduki nagusira

zoom Peio López-Iturri, NUPeko doktore berria

Peio López-Iturri, NUPeko doktore berria

Peio López-Iturri telekomunikazio ingeniari iruindarrak metodologia bat garatu du interferentziek hari gabeko sareetan daukaten eragina ebaluatzeko, 3D Ray Launching simulazio tresnan oinarrituta. Horrek aukera ematen du barnealdeetan (etxebizitzak, eraikinak, ospitaleak, geltokiak, kiroldegiak, merkataritza guneak, industrialdeak...) uhin elektromagnetikoek espazioan izango duten hedapena kalkulatzeko, eta bidea ematen du sareko gailu harigabeak kokatzeko tokirik onena zein den jakiteko. Metodologia berri horrek erraztasunak ematen ditu gailu horiek behar bezala ipintzeko, eta, hortaz, datuen transmisio abiadura, gailuen energia kontsumoa eta instalazioaren gastua optimizatzeko. Hala baieztatu du López-Iturrik Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian.

“Erradio-hedapena kalkulatzen duten simulazio tresna gehiago daude, baina NUPen oso-osorik garatu den 3D Ray Launching delakoak emaitza zehatzak ematen ditu simulazio denbora oso laburrean, antzeko beste metodo batzuekin alderatuta”, azaldu du ikertzaileak, zeinaren tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu, Francisco Falcone Lanas NUPeko Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslearen gidaritzapean.

Ikerketa horren ondorioek aditzera ematen dute hari gabeko sentsore sareei eragiten dieten interferentzien ebaluazioa gai erabakigarria izango dela hari gabeko sentsoreen eta komunikazio sistemen sare harigabeak instalatzeko orduan. “5G komunikazio sistemak eta gauzen internet iristearekin batera, aurreikusten da 2020. urtean 50.000 milioi gailu harigabe egongo direla munduan; pertsona bakoitzeko zortzi, batez beste. Kokaleku jakin batean transmisore batek igortzen duen potentzia nola banatzen den jakiteak aukera ematen du erradio-plangintza egokia egiteko”, adierazi du ikertzaileak.

Ingeniariaren iritziz, beste tresna batzuekin alderatuta, berri horrek eskaintzen dituen abantailetako bat gailu elektronikoek tamaina handiko inguruneetan igortzen duten potentzia kalkulatzea lortzea da. Halaber, López-Iturrik azpimarratu duenez, bere metodologia berriaren bidez proposatzen duen erradio-plangintza hori espezifikoa da ingurune bakoitzean, “ezberdina baita ingurunearen morfologiaren eta topologiaren arabera, hots, pareten materialen, altzarien edo pertsonen presentziaren arabera, adibidez”.

Zarata elektromagnetikoa

Peio López-Iturrik, bestalde, metodo hibrido berri bat garatu du gailu elektriko eta elektronikoek –mikrouhin labeek, motorrek edo transformadoreek, esaterako– sortzen duten zarata elektromagnetikoaren hedapenaren eredu bat egin eta kalkulatu ahal izateko. “Gailu horiek nola irradiatzen duten jakitearen abantaila da hobeki planifikatu daitekeela nola ezarri hari gabeko komunikazio sare bat gailuok kokaleku daukaten tokietan, komunikazioan interferentziak izan baititzakete —adierazi du—. Adibidez, jaioberriak zaintzeko gailu kameradun batek interferentziak eragin ditzake etxeko wifi seinalea jasotzeko, baita mikrouhin labeak ere sentsore sareen instalazioan erabili ohi den ZigBee komunikazio harigabean”.

Bestalde, NUPek interferentziak eragin ditzaketen iturrien ereduak sortzeko bultzatu duen metodo hori dosimetria elektromagnetikoko zenbait ikerketatan erabili da, Madrilgo Carlos III Osasun Institutuarekin elkarlanean. Gainera, ikerketa horretan hainbat instituzio aritu dira lankidetzan, hala nola Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatea, Monterreyeko Teknologia Institutua (Mexiko), Deustuko Unibertsitatea - Deusto Tech, Nafarroako Gobernua eta Iruñerriko Mankomunitatea.

Curriculum laburra

Doktoratu aurretik, Peio López-Iturrik Telekomunikazio Ingeniaritza, Ingeniaritza Medikoko Unibertsitateko Aditua eta Komunikazioetako Masterra egin zituen NUPen, ondoz ondo. Ikerketaren aldetik, zenbait interesgune landu ditu, hala nola erradio-hedapena, hari gabeko sentsore sareak, komunikazio sistemak eta potentziaren hari gabeko transmisioa.

2012az geroztik, ikertzaile lankide dihardu Nafarroako Unibertsitate Publikoan, enpresa batzuentzat produktuak eta teknologia garatzen dituzten zenbait proiektutan, esaterako hari gabeko sentsoreak ipintzen ospitaleguneetan eta haize parkeetan, bateragarritasun elektromagnetikoaren analisia egiten trenbide inguruneetan, eta lokalizazio plataformak garatzen industrialdeetan, besteak beste.