Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo, NUPeko katedraduna eta OMEren laguntzailea.

Mikel Izquierdo, NUPeko katedraduna eta OMEren laguntzailea.

Mikel Izquierdo Redínek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) katedradunak, eskuliburu bat egiteko lanetan parte hartu du “Be he@lty, be Mobile” (“Izan osasuntsua, izan mugikorra”) izeneko ekimenaren barruan. Nazio Batuetako bi erakundek bultzatu dute ekimena: Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Telekomunikazioetako Nazioarteko Batasunak (TNB). Proiektuaren xedea da diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten herrialdeetako osasun sistemetan telemedikuntza edo osasun elektronikoa zabaltzea adineko pertsonen artean, gaixotasun ez kutsakorren aurka borrokatzeko eta zahartze aktibo bat lortzeko. Nafar ikertzaileak lankidetzan jardun du adineko pertsonen hauskortasunaren aurka nola borrokatu aztertzeko, zeren 70 urte edo gehiago dituztenek ariketa fisikoa egitea defendatzen baitu indarra, oreka eta martxa uztartuko dituen entrenamendu programa baten bidez, populazio talde horren gaitasun funtzionala handiagotzeko eta desgaitasuna eta gaixotasuna atzeratzeko. NUPeko aditu hori OMEren Zahartze Aktiboaren partzuergo klinikoko kidea da. Atal horretara bideratzen dira gai horri buruzko proposamenak mundu osotik.

OMEren eta TNBren proiektuaren xedea da osasun elektronikoko zenbait programa garatzea eta abian jartzea. Osasun elektronikoa gailu mugikorrak erabiltzen dituena da, hala nola telefono adimendunak.

Tabakoa uztearena bezalako ekimenak edo diabetesaren aurkako borroka (gaixotasun ez kutsakorrei dagokienez) alde batera utzita, OMEren eta TNBren ekimenak programa berri bat bultzatzen du, “mHealth for Ageing” edo “Osasun elektronikoa zahartzeko”. Bere helburua da adineko pertsonei laguntzea beren gaitasun funtzionalari eusten, eta bizitza independente eta osasuntsuago bat izatea autozainketen bidez.

Hori dela eta eskuliburu bat editatu du. Eskuliburuak orientabidea ematen die gobernuei eta adineko pertsonak artatzeko ardura duten osasun publikoko agentziei, talde horri zuzendutako osasun elektronikoko programa bat garatu, ezarri eta ebaluatzeko.

Lankidetza bikoitza OMErekin

Mikel Izquierdo NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea da, non Ariketa Fisikoa, Bizitza Zikloa, Zahartze Aktiboa eta Osasuna (E-FIT) taldearen arduraduna baita, eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuko (IdiSNA) kidea ere, eta behin baino gehiagotan jardun du lankidetzan OMErekin, hizlari gisa parte hartu baitu erakunde horrek Genevan (Suitza) daukan egoitzan egindako bi bilera zientifikotan. Hala, 2016an adineko pertsonen hauskortasunari buruzko bilera batean parte hartu zuen, “Zahartze osasungarria” ardatz duen estrategiaren barruan. Urtebete geroago, teknologia berriei eta osasuna hobetzeari buruzko jardunaldi batzuetan, lehen aipatutako adineko pertsonentzako entrenamendu programa azaltzen duen liburu elektroniko baten edukia aurkeztu zuen.

Mikel Izquierdok OMErekin lankidetzan dihardu NUPeko katedradunak VIVIfrail europar proiektua koordinatu zuelako. Proiektuaren xedea zen 70 urtetik gorakoen artean ariketa fisikoa sustatzea, erorikoei eta hauskortasunari aurrea hartzeko. Ekimen horrek Europako bost herrialdetako bazkideak (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua) bildu zituen, eta Europar Batasunean Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barruan kokatzen da.